argia.eus
INPRIMATU
Tximino gerrillariak matxismoa artezteko
  • 1985an sortu zirenetik gerra egin nahi izan diote arte eremuan dagoen hiper-maskulinizazioari. Guerrilla Girls emakume talde gerrillariaz ari gara, tximino maskara uniforme moduan erabiltzen duen kolektiboak Bilboko Alondegira ekarri du bere gerrilla.

Adrian Almeida 2013ko abenduaren 04a
Guerrilla Girlsen erakusketa 2014ko urtarrilaren 6ra bitartean ikus daiteke Bilbon.

Artean dagoen diskriminazio egoera salatzeko beraien bideo, poster eta aldarrikapen guztiak, den denak, begi bistan daude Bilbon. Ikustea baino, esaten dutenaz ohartzean dago gakoa halere; hots, oraindik ere genero eta gutxiengo etnikoen diskriminazio argia egiten dela artearen munduan.

XX. mendearen amaieran hasi zen gerrilla egiten Gerrilla Girls talde feminista, posmodernitatearen zabalkuntza betean, Reagan-Thatcher binomio neoliberala indartsu zegoen momentuan. Artean tendentzia biziak sortuko dira, libreagoak, posmodernitatearen baloreen apurketa bizian murgildurik. AEBetan kaleko artea Basquiat eta Keith Haring pintoreekin aberastu zen; baita azkenean sistemak irentsi ere. Arkitekturan berriz, polisemia, historizismoa, populismoa… Eskulturan minimal, povera, kontzeptual…. Beste esparruetan ere balore errebisio orokorra egin zen, adibidez zientzia naturaletan. Eta nabarmentzekoa da, feminismoarentzat garrantzia handia duelako, historiaren berrikusketa ere.

Guerrilla Girls helburu oso argi batekin jaio zen: arte munduko genero eta etnia diskriminazioa salatzea. Gutxi ziren –eta dira– artearen esparruan dabiltzan emakumeak eta beltzak; are gutxiago obra erakusten dutenak. Guerrilla Girlsek proposatzen du bere burua aurrerabide gisa aurkezten duen arteari errebisio orokorra egitea. Alde kontserbadorea hor dagoela eta sexismoan, arrazismoan, estereotipoetan eta diskriminazioan oinarritzen dela salatzen dute. Bestalde, artearen historiak erditu dituen mitoak akabatu nahi dituzte. Gizon kreatzailearen figuraren ordez, artearen historiaren eta obren balioztapen orokorra egin nahi dute; begirada osoagoa eduki artearen historiaz, ohiko erakusketetako autoreen fronterak gaindituz.

Erabili duten aldarrikapen esparru nagusian, posterretan, Gerrilla Girlsek begirada bikoitzari eskaini dio arreta, besteren artean. Baita artean emakumea objektu hutsa izatetik subjektu kreatzaile bihurtzeari ere. Ez hori bakarrik: subjektu kreatzaile horiek betiko sortzaile zuri eta gizonezkoen esparruan berdintasunean murgiltzearen alde egin dute.

Modu hauskorren bidez eta kritika azidoz beterik, horrelako planteamenduak egiten dizkigute Guerrillakoek. Estatistika arma dute eta anonimatua uniforme. Egiten dituzten ekintzak baino ez dira inportanteak. Jakitea emakume haserretuak direla eta gerrilla erabiliko dutela diskriminazio, oztopo eta bazterkeria sexualaren eta etnikoaren kontra jotzeko, sistemaren kanonak azpikoz gora jarri nahi dituztenez gero.