argia.eus
INPRIMATU
Tximeletentzako oasia egin dute Donostiako Ulia mendian
  • Tximeleten habitatak suntsitzen eta eraldatzen ari diren garaiotan, haientzako espazioak berreskuratzeko lanean ari da Zerynthia Elkartea. Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, oraingoan Ulia Interpretazio Zentroan egin dute tximeleten oasia. Apirilaren 30ean inauguratuko dute eta tailer didaktikoa antolatu dute.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 26a

Tximeleten eta beste ornogabe batzuen mehatxu nagusia da haien habitatak suntsitzen eta aldatzen ari direla. Hiri inguruetan, bereziki, arazo handia dago pestiziden erabilerari eta ingurunearen narriadurari lotuta, ohartarazi du Cristina Enea Fundazioak.

Tximeletentzako habitat egokiak berreskuratu asmoz, tximeleten oasi sarea martxan jarri du Zerynthia elkarteak, eta larunbat honetan inauguratuko dute Uliakoa. Tailer didaktikoa antolatu dute egun horretarako, oasiak zer diren eta bertako biztanle diren tximeleten bitxikeriak azaltzeko.

Boluntarioei esker egin dute tximeletentzako habitata, azken asteotan, eta bertako landare eta lore espezie ezberdinek lagunduko dute tximeletek bizirauteko ingurune egokia izan dezaten. Informazio-panela ere izango du guneak, “Ulia mendia bezalako ingurune natural baten biodibertsitatearen mantentzean tximeletek jokatzen duten zeregin erabakigarria” azalduz, besteak beste.