Joseba Tapiak disko berria ondu du, oraingoan gitarra eskuetan duela: Tximela kapitainaren izarrak. Kantu sorta zirraragarria da, 36ko gerran Eusko Gudarosteko Tximela kapitainak Duesoko espetxean zela paratutako idatziak ditu oinarri.
Luis Rezola Arana (1914-1993), Tximela kapitaina, Tolosan sortu zen, bertsozale amorratua omen zen. Altxamendu faxista hasi orduko sartu zen erresistentzian, 1936ko uztailean. Gero Eusko Gudarostean enrolatu zen, Loiola batailoian aurrena, Lenago Il izenekoan gero. Gorbeian, Oizen, Gernikan eta Bilbon borrokatu zen. Hogeita bi urte zituela egin zuten kapitain, eta izardun gazteenetakoa bihurtu.
Preso harturik, Duesoko espetxe gogorretik idatzi zuen Tximela kapitainak. Salaketa garratzak, sufrimenduaren lekukotzak dira harenak.
“Sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen –dio Tapiak diskoan. –Gitarra jotzeko modua antzinakoa da. Estiloa ezaguna egingo zaizue. Kantaera ere bai. Gaia, betikoa dela esan liteke. Baina entzungo dituzuen kantuok, ederrak dira”.
Gaur bertan kontzertua eskainiko du Tapiak Lazkaoko Gerrikon.
AGENDA:
Lazkao: Azaroak 26, asteartea, 18:30ean. Gerriko Elkartea
Erroma Euskal Astea: Abenduak 7, larunbata.
Ataun. Aia: Abenduak 13, ostirala.
Zarautz: Abenduak 14, larunbata. Bunkerra.
Donostia: Abenduak 27, ostirala, 21:00etan. Lugaritz. Imanol Larzabal.
Larrabetzu: Abenduak 29, igandea. Gaztetxea.
Zugarramurdi: Urtarrilak 25, larunbata.