argia.eus
INPRIMATU
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute
  • Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–. Adierazpena, musika eta aldarrikapen sorta izango ditu omenaldiak.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2023ko urtarrilaren 03a
2022ko omenaldia. Argazkia: Joseba Parron / Irutxuloko Hitza

“Tamalez, izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari ‘Txillardegi Udal Liburutegia’ izena jartzeko aldarrikapenak ez du emaitza onik izan hamarkada luze honetan, joan den urteko X. edizioa indartsua izan zen arren. Egin ditugun saio guztiak ez dira nahikoak izan Donostiako Udalak horrelako erabakia har dezan. Ikusten denez, oraingo udal gobernuak zein Donostiako Udalbatzak ez dute horretarako borondaterik, milaka donostiarrek horren aldeko nahia azaldu duten arren”, azaldu du egitasmoak.

Horrela ere, amorerik emango ez dutela iragarri dute: “Datorren maiatza aldean izango diren udal hauteskundeen ondoren osatuko den Donostiako Udal berriari, erabaki hori aintzat har dezan eskatuko diogu, Carlos Santamaria edota Koldo Mitxelena bezala, Txillardegiren izena ere Donostiako kultur paisaian presente egon dadin nahi dugulako, merezi duelako”.