argia.eus
INPRIMATU
Txillardegi omentzeko ekitaldi sorta prestatu dute haren heriotzaren 5. urteurrenean
  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” euskal idazle, hizkuntzalari, pentsalari eta politikariaren heriotzaren 5. urteurrena dela eta, ekitaldiak antolatu ditu Txillardegi liburutegia kultur ekimenak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 09a

Euskal hizkuntzari “hainbeste” eman dion idazlearen oroimenak merezi duen lekua hartu beharko lukeela uste du Txillardegi liburutegia kultur ekimenak, eta egitarau zabala prestatu du bere heriotzaren 5. urteurrenaren harira. Lehenik eta behin, “Txillardegi gogoan” izeneko bideoaren aurre estreinaldia egingo dute antolatzaileek, Kote Camachoren eskutik. Urtarrilaren 13an izango da jardunaldia, 18:30ean Donostiako San Jeronimo kaleko kriptan.

Bigarren ekitaldia urtarrilaren 15ean izango da. Emanaldi literario-musikala egingo dute Rafa Egiguren eta Dorleta Urretabizkaiak, 11:30ean Donostiako Lasala plazan. Ondoren, kantu saioa antolatu dute Udal Liburutegian.

Existentzialismoari buruzko mintegi irekia ere prestatu du kultur ekimenak. Urtarrilaren 18an egingo da, 15:30ean EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta Fito Rodirguez idazle eta irakaslea izango da gidaria.

Ekitaldiei amaiera emateko, Txillardegik ekologismoaren alorrean egindako lana ekarriko du gogora Eguzki taldeak, Markos Zapiain eta Martin Ansoren eskutik. 18:30ean egingo dute, Donostiako San Jeronimo kaleko kriptan.