Desberdintasun eta aberastasunaren banaketa injustua, prekarietatea eta pentsio miserableak, ez dira Euskal Herrirako soilik, mundu osoan aurkitzen ditugu.
Frantziako Estatuan, Ekuadorren eta Txilen ere neurri ekonomiko antisozialen kontra mobilizatzen dabiltza. Ehunka zauritu, dozenaka hildako, milaka atxilotu.
Eta bien bitartean, Ingalaterran kamioi-hozkailu batean 39 hilotz aurkitu dituzte; migratzaileak. Injustiziaren eta desberdintasun sozialaren globalizazioaren ondorio da hori guztia, gobernuek sostengatua.
Horren aurrean, Kapitalismoak bere burua “berrasmatu” nahi du etekinak pilatzen segitzeko. Espainiako El País egunkariak bost orrialde eskaini zizkien sistemaren arrakalei –Kapitalismoa hil da. Gora kapitalismoa!–: “Eredu hegemonikoa erantzunik gabe geratzen ari da desberdintasun sozialek, aldaketa klimatikoak eta globalizazioak dakartzaten erronken aurrean. Adituek bere berrasmatzea proposatu dute, planeta gobernatzen segi dezan”.
Berriz asmatuta ere, kapitalismoak ez dio utziko izaten benetan denari: pobrezia eta heriotzaren eragile. Espainiako Bankuaren arabera, Espainiako Estatuan –Hego Euskal Herriko herritarrak barne– milioi bat eta bost milioi dolar arteko ondasuna duten 979.000 aberats daude orain, 2018an baina 33.000 gehiago, %5,3 gehiago alegia. Horietatik 61ek 500 miloi dolarretik gorako ondasuna dute. Halako sistema, honako ondorioak.
Datorren greba orokorra, Euskal Herrian urtarrilerako deitu dena, sistema alternatibo eta solidario baten alde egiteko apustua izan beharko luke.