argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Txileko ezkerraren kontraesanak

Leire Artola Arin 2022ko abenduaren 12a
Gabriel Boric Txileko presidentea, Araucaniara egindako bisitan. / Argazkia: Txileko Gobernua.

Gabriel Boric Txileko presidenteak agintaldi hasieratik izan duen auzi nagusietako bat izan da hegoaldeko Araucania lurraldeko gatazka. Azken urteetan areagotu egin da maputxeen eta Txileko Estatuaren arteko borroka, besteak beste, lurren jabetzari lotutakoa. Boricek, orain arteko presidenterik gazteenak, martxoan hartu zuen agintea, eta mezu esperantzagarriak eta aurrerakoiak zabaldu ziren ezkerrarentzat, baita jatorrizko herrientzat ere; baina dena ez da dirudiena. Kritika gogorrak jaso ditu lurren defentsan ari diren maputxeen aldetik, eta egotzi diote “enpresen eta eskuinaren interesei men egiten” ari dela. Ezkerra maputxeen eskakizunei baino kasu handiagoa egiten ari da eskuinarenei? Bada, Araucaniara azaroan egindako azken bisitan, jatorrizko herrien kritikak jaso ditu, eta, era berean, parlamentuko eskuindarrek txalotu egin dituzte bisita horretan emandako “pausoak”.

Esanguratsua izan da presidentearen jarrera aldaketa agintera heldu aurretik eta gero. Hauteskundeetarako kanpaina betean zegoela, Boric Araucanian salbuespen egoera ezartzearen aurka agertu zen, baina boterera iritsi eta bi hilabetera horixe dekretatu zuen, indarkeriari aurre egiteko “beharrezko” neurri gisa. Hortaz, maiatzetik Araucaniako herritarrek eskubide murritzagoak dituzte, salbuespen egoerak baldintzatuta. “Terrorismoa” argudiatuta, militarizazioa nabarmena izan da, eta carabineroz bete dituzte maputxeen jatorrizko lur horiek.

Boricek irmo defendatu du neurria, eta hitz gogorrak izan zituen lurrak berreskuratzeko borrokan ari direnentzat, Araucaniako bisitaldian. “Terrorista” gisa deskribatu zituen, eta “arduratuta” agertu zen: “Egurra lapurtzen dutenek eta narkoek maputxeen borroka hartzen dute aitzakiatzat eta erasoak egiten dituzte”. Ordea, Arauco-Malleco Koordinakundeko (CAM) erakunde indigenistak salatu zuen weichafe-ak (CAMeko borrokalariak) kriminalizatzen ari dela Boricen gobernua: “Guretzat ez da ezer aldatu. Kontrara, orain kolonialismoa eta kapitalismoa aurkezten ari dira progresismo zantzuekin”. Alegia, boteredunak eskuin zein ezkerrekoak izan, maputxeak zapaltzen segitzen dutela.

Gatazka konpondu nahian, presidenteak agindu du jatorrizko herriei kendutako lurrak itzuliko dizkietela. Bakerako eta Elkar Ulertzeko Batzordea eratu eta aktore sozial oro gonbidatu du parte hartzera. Dena dela, maputxeen eta gobernuaren arteko elkarrizketen bidea itxita dagoela dirudi. Batetik, CAMek dio ez dela elkarrizketarik egongo “maputxe preso politikoak eta militarizazioa existitzen diren bitartean”. Bestetik, gobernu berriak ere jarrera aldakorra izan du: hasieran, CAMekin ere elkarrizketa irekitzeko prest agertu ziren, baina abuztuan kargutik kendu zuten Gizarte Garapeneko ministro Jeanette Vega, Héctor Llaitul CAMeko buruarekin harremanetan jartzen saiatu zelako. Llaitul abuztuan atxilotu zuten, Sebastián Piñera presidente ohiak irekitako epaiketa baten harira, lurrak indarrez kentzea leporatuta, besteren artean. Gobernuaren kontraesanak, berriro ere.