argia.eus
INPRIMATU
“Inmunitate txartelak” ematen hasiko da Txile, gaitza gainditu dutenak lanera itzul daitezen
  • Ostiral arratsaldean iragarri du Txileko osasun ministroak: COVID-19 gaitzetik sendatu direnei "inmunitate txartela" emango diete. Horrekin ez dute berrogeialdia bete beharko eta lanera itzuliko dira.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 17a
Txileko osasun ministroa nerri berriak jakinarazten.

Txileko osasun ministroak iragarri du txartel hauek emango dizkietela birusaren aurkako antigorputzak detektatzen dizkietenei, nahiz eta proba fidagarriak egiteko zailtasunak adierazi zientzialariek, The Guardianen irakur daitekeenez.

Txartel horien jabeek ez dutela gaitzarekin inor kutsatuko "probabilitate oso altua" hitz eman du.

Txileren ustez, pazienteak jada ez dira kutsagarriak sintomarik larrienak izan eta hamalau egunera, edo kasu larriagoei dagokienez, ospitalean alta jaso ondoren. Immunitate-sistema ahuldua duten pertsonen kasuan, sintomak agertu eta 28 egunera hartuko dituzte ez-kutsagarritzat.

Nazioartean zalantza eragiten ari da neurri hau. Adibidez, Munduko Osasun Erakundearen eguneroko prentsaurrekoan kazetari batek gaiari buruz galdetu die eta erakundeak ez du posizionatu nahi izan. Oso zuhurrak izateko aholkatu die herrialdeei, azpimarratuz "azterketen eraginkortasuna etengabe jarri behar dela auzitan".

Adibidez, Hego Korean Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak jakinarazi zuen 141 pazientek bigarren aldiz positibo eman zutela. Italiako Osasun Institutu Nazionalak adierazi duenez, gaixoen %10ek soilik garatu dituzte antigorputzak.

The Guardianek jaso duenez, berrogeialdiak altxatzen joateko estrategia hau jendea berriz ere lan egitera bidaltzeko dago oinarrituta, eta batzuek uste dute Immunitate-txartelekin merkatu beltza sor daitekeela.

Estatistika ofizialen arabera, Txilek 9.252 Covid-19 kasu erregistratu ditu, eta horietatik erdia baino gehiago Santiagon daude, berrogeialdian. Gutxienez 116 heriotza izan dira pandemiarekin lotuta.