argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Bilbaok gose eta egarri greba hasiko du astelehenez
  • Iñaki Bilbao Txikitok, iraila hasieran hasi zuen gose eta komunikazio greba alde batera utzi zuen joan den astean, 50 egun egin ondoren. Aldi berean, bere borroka ez duela amaitu jakinarazi du, izan ere, gaur, azaroak 2, gose eta egarri greba mugagabeari eman dio hasiera. 

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 02a
Gasteizko elkarretaratzea. Argazkia: Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak urriaren 31n jakinarazi zuen, Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal presoak, joan den irail hasieratik egin duen gose greba alde batera utzi zuela. 50 egunez eutsi zion, eta, azken egunak Puerto de Santa Mariako erietxean pasatu zituen. Bere borondatearen kontra elikatu zuten zunda baten bidez. Irailaren 30ean erietxetik espetxeko eritegira eraman zuten presoa, eta han zegoela erabaki zuen protesta bertan behera uztea. Komunikazio greba ere etetea erabaki du.

Bilbaok gose eta egarri greba mugagabeari azaroaren 2an hasiera emango diola adierazi die bere etxekoei, telefonoz, urriaren 31n. Horretaz gain, komunikazioa ahal duen heinean mantenduko duela gaineratu du.

Iñaki Bilbaoren borroka babestuz, manifestazioak deitu zituen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak urriaren 31rako.