argia.eus
INPRIMATU
Txikiren azken gutunaren irakurraldi korala
  • Frankismoaren azken fusilamenduen eta Juan Paredes Manoten omenaldiaren 45. urteurrena dela eta, Directa hedabideak "Txiki"ren azken hitzen irakurketa korala grabatu du bideoan. Hitz hauek Bartzelonako Modelo kartzelatik idatzi zituen Paredes Manotek, 1975eko irailaren 27an Collserolan exekutatua izan baino lehen. Eta kartzela horretan bertan, Txikik azken orduak eman zituen bosgarren galerian grabatu dute hainbat pertsona ezagunek eskutitzaren irakurraldia.

La Directa @la_directa 2020ko irailaren 28a

1975eko irailaren 27ko goizaldean, guardia zibil boluntarioek Juan Paredes Manot "Txiki" ren bizia moztu zuten Collserolako hilerriaren inguruan. Hamaika bala eta graziazko tiro bat jaurti zituzten Zalamea de la Serenako Extremadurako lurretan jaio, Zarauztik frankismoaren aurkako borrokan parte hartu eta Bartzelonan heriotza-zigorra jaso zuen 21 urteko gaztearen aurka. Hots berak entzuten ziren Burgosen –Angel Otaegi fusilatu zuten– eta Madrilen –frankismoak Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko militanteak hiltzen zituen–. Protestek eta mobilizazioek, grebek eta nazioarteko bitartekaritzek ez zuten geldiarazterik lortu.

Hurrengo egunean, hiletaren debekua saihestuz eta Collserolako setio militar baten pean, ehunka pertsonak diktadurari aurre egin zioten: polizialki hartuta zegoen hilerrira hurbildu ziren, eta dozenaka krabelin bota zituzten hilkutxaren gainera, "Gora Txiki!" oihukatuz. "Visca Catalunya! Gora Euskadi askatuta" entzun zitekeen polizia-kargen saiakeren artean. Hasiera batean, Pons Llobet MILeko militante anarkistaren familiako nitxo batean lurperatu zuten. 2012. urtean, Eusko Legebiltzarrak Txiki eta Otaegui indarkeria politikoaren biktimatzat onartu zituen, eta 2017. urtean, Frankismoko Biktimen Erreparazio Juridikoari buruzko Legea onartu zenean, Kataluniako Parlamentuak bertan behera utzi zuen Txikiren aurkako epai kondenatzailea (sasi-epaiketa izan zen, urgentziazko epaiketa militarren bidetik egina, egun bat baino iraun ez zuena).

80ko hamarkadaren hasieratik gaur arte, belaunaldiz belaunaldi, urtero omenaldi bat egiten da gertaeren leku berean. Aurten, frankismoaren azken fusilamenduen 45. urteurrena dela-eta, Directak Txikiren azken eskutitzaren irakurketa korala grabatu du. Eskutitz hori urte honetan inplikatutako pertsona batzuek egin dute, Askatasun-haizeak ekimenaren baitan. Bartzelonako Modelo kartzelatik idatzi zuen gutuna, eta bideoa Txikik azken orduak eman zituen bosgarren galerian grabatuta dago.

 

 

 

Fusilatua izan aurretik Txikik idatzitako gutuna.