argia.eus
INPRIMATU
Txetxeniako nork hil zuen Natalia Estemirova?
  • Martxoan estreinatu zuten Qui a tué Natacha Estemirova Genevako (Suitza) giza eskubideen zinemaldian; ekainaren 14an France-2 telebistak erakutsi zuen. Kasualitatez, egun berean Moskuko auzitegi batek asketsi zuen Memorial elkarteko buruzagia: salatua zuen Estemirovaren hilketaren erruduna Txetxeniako presidente Ramzan Kadyrov dela.

2011ko uztailaren 05
Natalia Estemirova

Ramzan Kadyrov Txetxeniako presidenteari bost axola die epaileek, urrutikoak baldin badira deus ez. Vladimir Putin Errusiako lehen ministro eta Kadyroven babesle nagusiari auzitegietako paperek ez diote lorik galarazten. Horregatik pentsatu behar da ekainaren 1ean Vienan eta 14an Moskun jujeek bi txetxeniar famaturen hilketez erabakitakoek dardararik ez diotela eragin.

Vienako auzitegian jokatzen zenaz informazioa Net Hurbil honek aurreratu zuen 2009ko udaberrian. Urtarrilean Vienan ezezagunek hila zuten Umar Israilov (Txetxenia, 1982), errusiarren kontrako gerrillari ibilia, preso erori ondoren armadari laguntzera behartua, azkenean familiarekin erdiko Europara ihes egitea lortu zuena. Israilovek Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu zuen Kadyrov presidentea bera izan zela atxilotu zutenean torturatu zutenetako bat.

Israilov etxera bere borondatez itzul zedin saiatu zen Kadyrov, mezulari berezia bidali zion mehatxu egiteko, eskatzeko erretira zezala salaketa. Azkenean, Vienako erdigunean tiroka hil zuten gizona. Giza eskubideen alde borrokatzen den Memorial erakundeak ulertu duenez, “Israiloven hilketak ohar bortitza jakinarazi dio munduan barreiaturik dagoen Txetxeniako jendeari, adieraziz Errusiatik kanpo babestuta egoteak ez dituela salbatuko Txetxeniako botere egituren atzaparretatik”.

Hiru gizon txetxeniar kondenatu dituzte Vienan, Ramzan Edilov bizi osorako espetxera, Suleiman Dadaev 19 urtera eta Turpal Ali Iesurkaev 16 urtera. Baina Austriako poliziaren ustez tiroak egin zituen Letxa Bogatirov libre dabil Groznin, Errusiako agintariek hura atxilotzeari uko eginik. Vienan ez dute lortu epaitzerik Shaa Turlaev ere, Kadyroven aholkularia eta Israilov hilko zuenarentzako hiru milioi dolarreko saria iragarri zuena. Austriako poliziak lortu zuen hiltzailearen hiru laguntzaile atxilotu eta epaiketaraino eramatea, ez ordea egilea bera eta pagatzailea.

Ekaineko beste epaiak Natalia Estemirovaren heriotza oroitarazi du, baina zeharka. Esplikatuko dugu nola. Hilaren 14an, Moskuko epaile batek errugabe deklaratu zuen Oleg Orlov, Memorial erakundeko buruzagia. Memorial giza eskubideen defentsarako elkartea 1980ko hamarkadan fundatu zuten, Andrei Sajaroven ekimenez, hasieran Sobiet Batasunean Joseph Stalinen garaian nozitutako zapalketak ikertu eta oroitarazteko; geroztik Errusiako erakunde errespetatuenetakoa da.

Memorialek lan handia egin du azken urteotan Kaukaso eskualdean eta zehazkiago Txetxenian, Dagestanen eta Inguxetian balizko terrorismoaren kontrako gerra dela eta agintariek burutu dituzten basakeriak isilpetik argitara ateratzen. Memoria- lekin egiten zuen lan Anna Politkovskaia kazetari asasinatuak.

Orain Moskun ebatzi dena Orloven kontra Kadyrov presidente txetxeniarrak aurkeztutako salaketa zen, alegia Orlovek gezurretan esan omen zuela bera zela, Kadyrov, Natalia Nataxa Estemirovaren hilketaren erantzule. Epaileak libre utzi du Orlov. Aldiz, honek eta Memorial erakundeak Txetxeniako zanpaketa basatiaz eta Estemirovaren hilketaz plazaratutako ikerlanari ez dio ezein epailek jarraipenik ematen, ez Groznin, ez Moskun.

Legerik gabeko Txetxenia

Natalia Estemirova kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzailea 2009ko uztailaren 15ean Grozni hiriburuan bahitu zuten etxeko atarian; ordu gutxiren bueltan Inguxetiako mugako errepide bazterrean azaldu zen, tiroz hila.

1958an Txetxenian sortua, historia ikasia zen eta gaztetatik kazetaritza lanetan aritua. Txetxeniako lehen gerran (1994-96) alargun geratu zen, errusiarrei aurre egin zieten polizia txetxeniarretakoa izaki bere senarra. Bigarren gerra hasi zelarik, 1999an, gatazkak eragindako hilketa, tortura, bahiketa eta bestelako demasiak aztertzen hasi zen, horretarako alaba Txetxeniatik urrun aitona-amonengana bidalita. 2000.etik Memorialentzako lan asko egin zituen, sarraskiak idatziz bezala argazkiz azaltzeko.

Oihartzun handia lortu zuen Estemirovak mundu osoan. Suediako parlamentuaren saria eman zioten 2004an, Europako Alderdi Popularrarena 2005ean, Moskun hil berri zuten Anna Politkovskaiaren omenezko saria 2007an... Hain zuzen Estemirova elkarlan estuan aritua zen Politkovskaiarekin eta Stanislav Markelov abokatu gaztearekin, biak ere Moskun asasinatuak.

Milène Sauloyk aurkeztu berri duen Qui a tué Natacha? dokumentalean bilduta dago nola 2004an egin zuen lehenbizikoz topo Estemirovak Kadyrovekin. Anna Politkovskaiari lagunduz joan zen Kadyrov elkarrizketatzera honen jauregira. Antza denez, artean presidente ez zen Kadyrov gaztea berotu egin zen eztabaidan eta hasi zelarik Politkovskaiari mehatxu egiten, Estemirova jarri behar izan zen erdian, zartakoren bat emango ote zion beldurrez.

2007ko neguan, Valdimir Putinek Kadyrov Txetxeniako presidente izendatu berritan, Estemirovari deitu zioten Groznin agintariek martxan jarri nahi zuten giza eskubideen babeserako bulegoan lan egin zezan. Gutxi iraun zuen, 2008ko martxoan erakundeko arduradunen bilera batean sartu zen Kadyrov builaka, emakumeari aurpegiratuz agintariei egindako kritikak bere azken kazetari lanetan, tartean Kadyrovek emakumeak behartzea buruan zapia eramatera. Hainbeste beldurtu ziren Memorialeko arduradunak, ezen eta hilabete batzuetarako Txetxeniatik kanpo bidali baitzuten Estemirova.

Gerrillarien kontrako borroka inolako araurik gabe burutzen dute agintariek Txetxenian. Ekintzaileek eraso suizidak eta zibilen kontrako tiraketak ugaritu dituzten moduan, gobernuaren indarrek metodo guztiak dituzte libre sasitarrak itotzeko, izan polizia eta armadako uniformedunak edo talde paramilitarrak. Mendekua, zigorra eta errepresaliak eguneroko ogia dira. Gerrillaren gurasoak hiltzen dituzte, senideen etxeak erre.

Uztailaren 7an, Rizvan Albekov eta honen seme Aziz bahitu zituzten gizon armatuek eta handik egun gutxitara haien sorterri Akhintxu Borzoi herrixkara eraman zituzten: herriko jendea bildu eta denen aurrean armadunen buruetako batek galdetu zion aitari ea berak gerrillariei laguntzen zien. Honen burua makurtu zuen ezezka. Balazo batez zulatu zion burua.

Rizvan Azizen delitua ez zen gerrillariei laguntzea. 2000.ean anaia Vakhazi, artzain ari zela, soldaduek bahitu eta hil zuten mendian. Beste anaia batek, Alik, Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu zuen. Auzia irabazi baino lehen hil zen Ali kantzerrez. Agintariei aurre egitearen “errua” Rizvan anaiak pagatuko zuen bere biziarekin. 2009an.

Zortzi egun beranduago bahitu eta hil zuten Natalia Estemirova.

_______________________________________________________________________

* Artikulu hau Argiaren 2283. zenbakian publikatu zen. Ikusi astekari horretako eduki guztiak

* Ikusi Pello Zubiriaren lan guztiak