argia.eus
INPRIMATU
Txertotik garbi egoteko aukera

Bitor Abarzuza Fontellas 2022ko urtarrilaren 05a

Beheko sinatzaileok ondoko gogoetak helarazi nahi dizkiegu bai agintari publikoei bai herriari. Hartutako zenbait neurri egokitzat eta bidezkotzat jotzen baditugu ere, uste dugu gaur egungo neurria, “COVID agiria” deitutakoa, gehiegizkoa, justifika ezina eta gure oinarrizko eskubideen kontrako urraketa dela. Osasun arloko hainbat legek arautzen duten bezala, pertsonok badugu erabakitzeko eskubidea gure gorputzari dagokionez, behar bezala informaturik egon ondoren, aukera eta tratamenduen artean hautatzekoa.

Egungo neurriak gizartea bi bloketan sailkatu du, txertatuak eta txertatu gabekoak, horietako multzo bati enpresa pribatuen eta erakunde publikoen zerbitzuetara sartzea galaraziz, ustez, gainerakoak babeste eta kutsatzea ekiditearengatik; jakin badakite ere txertoa bera dela kutsatzetik babesten ez duena eta berez immunizatzen ez duena. Giza sailkapen honek ondorio sozial eta mediatikoak abiarazi ditu osasunaz haratago doazenak, gobernuak sustatutako tratamendu farmazeutikoa libreki jaso nahi ez duten pertsonak baztertzera eraman nahi dituztelako edota gizartearen isolamendua ezartzeko deia zabaldu dutelako, bi multzo horiek kutsatzen ez duten eta kutsatzen dutenekin identifikatuz. Puntu horretan, neurri baztertzaile eta debekatzaile hori absurdoraino ailegatzen da, soinketa egiteko kirol-gune publikoetara sartzeko debekua ezarri dietelako, hain justu, txertotik garbi egoteko aukera hautatu duten pertsona horiei, neurri profilaktiko gisa bizitza garbia eta osasuntsua egunerokoan eraman nahi eta ezin izanen dutelarik. Hori dela eta geure buruari galdetzen diogu ea aipatu neurria zigortzeko era bat ez ote den, gobernuak egindako tratamendu mota baten aldeko apustuari ez atxikitzeagatik.

"Agintari publikoei zuzentzen gatzaizkio, hartutako neurriak eragin dituzten ondorioen jakitun izango diren esperantzaz, sortutako domino efektuaz"

Txertatzeko aukerari dagokionez gure ustea adierazi nahi dugu, zilegizkotzat, jakina, jotzen dugularik eta geuk aldarrikatzen dugun pazientearen autonomiari berari dagokiolarik, jende guztiaren intereseko eskubide osoa dena. Guk, aldiz, ez diogu inori galarazten inongo tokitara sartzea edota bere oinarrizko eskubideak erabiltzea tratamendu bat edo beste hautatzeagatik. Neurriak atzera eramaten gaitu historiaren une eta gune jakinetara, horietatik gizadiak zerbait ikasia zuela uste genuen. Ez gara akuriak edota esperimentazio animaliak, gizaki helduak gara, adimena, erabakimena eta eskubideak ditugunak. Egun urratzen ari diren eskubideak.

Agintari publikoei zuzentzen gatzaizkio, hartutako neurriak eragin dituzten ondorioen jakitun izango diren esperantzaz, sortutako domino efektuaz. Zenbait komunikabidetan lintxamendua izatera ailegatzen dena, bai eta gure kontrako gaitzeste nabarmena, zenbaitetan gorroto-delitua izatera hurbiltzen dena. Lehen zegoen gizarte barneko giro asaldatua areagotzea ekarri dute, familia edo adiskide artekoa, lan eremuan edota gizarte erakundeetan.

Horiek horrela, sortutako egoeraren gainean gogoeta egiteko eskatzen dugu, sosegaturik eta hauteskunde aurreko kalkuluetatik at, uste baitugu neurri horrek ondorio soziofobiko okerragoetara eramaten ahal gaituztela. Galdetzen diogu geure buruari ea neurriak ez ote duen zerikusirik egun dagoen ideien eskasiarekin, izurriteari aurre egin beharko lioketenak; zeren, azkenik, ematen du COVID pasea presio modu bat baino ez dela, jende guztiak atxikimendua ager dezan gobernuak hautatutako tratamenduaren alde, debekuak eta murrizketak inposatuz.

 

*Testu hau Bitor Abarzuzaz gain beste 58 pertsonak sinatu dute