argia.eus
INPRIMATU
Txertoen patenteak baliogabetzea eskatu diote Europar Batasunari ehunka erakundek eta europarlamentarik
  • Munduko Merkataritza Erakundearen bileran aukera hori bultza dezala eskatu diote Europar Batasunari. Munduko herrialderik gehienek eskatu dute COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako indargabetzea. Bi aste direla 175 Nobel saridun eta gobernuburu ohi batu ziren adarrikapenera.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 27a

388 europarlamentarik eta Europako estatuetako parlamentarik eta 34 nazioarteko erakundek egin dute eskaera oraingoan. Europar Batasunari eskatu diote COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako bertan behera uztea defendatu dezala apirilaren 30eko Munduko Merkataritza Erakundearen bileran.

"Patenteak etetea da une honetan eskura dugun aukerarik eraginkorrena eta errealena. Ezin dugu pertsonen bizitzak galtzen jarraitu enpresen interesak babesteagatik; gobernuak behartuta daude pertsonak defendatzera eta bizitzak salbatzera. Hori eskatzen diegu gaur EBri eta estatuei", adierazi du Vanessa Lópezek, erakunde sinatzaileetako bat den Osasuna Eskubidez elkartearen zuzendariak. Gogoratu beharra dago txertoa produzitzen ari diren Mendebaldeko enpresek milioika eurotako laguntzak jaso zituztela txertoaren ikerketarako.

Indiaren eta Hego Afrikaren proposamenari babesa

Urrian Indiak eta Hego Afrikak egin zuten aldi baterako patenteak indargabetzea, eta jakintza konpartitzea. Proposamena aldekotasunak jasotzen joan da ordutik hona. Direla bi astean mundu osoko 175 Nobel saridun eta gobernuburu ohik egin zuten bat aldarrikapenarekin, eta Munduko Merkataritza Erakundea osatzen duten 162 herrialdeetatik 103k berdin egin dute.