argia.eus
INPRIMATU
Txertoaren hirugarren dosia jarriko dutela esan du Espainiako osasun ministroak
  • Espainiako osasun ministro Carolina Dariasek azaldu du Pfizer eta Moderna enpresekin kontratua hitzartu dutela hirugarren dosia jasotzeko. Ministroaren ustez, pandemia igaro ondoren ere, beharrezkoa izango da txertoa urtean behin jasotzea.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 23a
Carolina Darias Espainiako osasun ministroa eta Salvador Illa osasun ministro ohia Andaluziako presidente Juanma Morenorekin bilduta. Argazkia: Junta de Andalucia

Koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarriko dutela adierazi du Carolina Darias Espainiako osasun ministroak. Onda Cero irratiari ostiralean eskainitako elkarrizketan azaldu du Europar Batasunarekin lanean, Pfizer eta Moderna enpresekin kontratuak hitzartu dituztela hirugarren dosiak jasotzeko. Hurrenez hurren, 1.800 milioi eta 480 milioi euroko kontratuak hitzartu dituzte.

Dariasek biztanle guztiak txertatuta egon arte lanean jarraitu beharko dutela azpimarratu du. Baina birusak izan ditzakeen mutazioen aurrean, bi dosien ondoren ere errefortzuko bat beharko dela azaldu du. Datu zehatzik ez badaude ere, aurreikusten dute 2022 eta 2023 artean jasoko dituztela txerto horiek.

Biztanleei booster delako dosia emateko autorizazioa eskatuko dietele aurreratu zuen Dariasek duela aste batzuk. Izan ere, errefortzurako ematen den azken dosiaren eraginkortasunak eztabaida ugari sortu ditu adituen artean. El Diario hedabideak hainbaten hitzak bildu, eta guztiak etorri dira bat: "goizegi" da jakiteko hirugarren dosia beharrezkoa den ala ez jakiteko. Nazioartean, Txinan, Indonesian eta Tailandian boosterrak ematea baimendu dute; AEBetan eta Frantzian esan dute ez dela beharrezkoa.

Umeen txertaketa eta urteroko dosia

Dudak gorabehera, Darias ziur agertu da etorkizuneko hainbat aurreikuspen egitean. Batetik, adierazi du pandemia igaro ostean ere txertoa urtean behin jaso beharko dutela biztanleek. Bestetik, adierazi du “zailtasunetatik salbuetsita ez dagoen eztabaida” bada ere, 12 urtetik beherako umeen txertaketa martxan jarri beharko dela: “Askok dio umeak ez direla igorleak, baina, egia da, immunitate osoa nahi badugu, egin beharko dugula. Lasaitasunez, oraindik ez baitago oniritzirik”.