argia.eus
INPRIMATU
Txertoan bakarrik oinarritutako COVID ziurtagiria jarriko du indarrean Frantziako Estatuak
  • Urtarril amaieratik goiti, Frantziako Estatuko lurralde administratibo osoan txertoa baino ez da ontzat emango COVID ziurtagiri gisa. Hala, aurrerantzean ez dute balioko testetako emaitza negatiboek leku publikotara sartzeko. Neurria hainbat lan-eremutara hedatzea ere aurreikusten omen du Frantziako Gobernuak.

Gedar @GedarLangileKZ 2021eko abenduaren 24a

Frantziako Gobernuko bozeramaile Jean Castexek joan den ostiralean adierazi zuenez, Covid ziurtagiria txertatuei soilik onartuko zaie urtarril amaieratik aurrera; hots, COVID-19a atzemateko testetako emaitza negatiboek ez dute balioko ziurtagiria eskuratzeko.

Neurria oraindik Frantziako Legebiltzarrean bozkatzekoa bada ere, Ministroen Kontseiluan baieztatua izan da jada, eta soilik argiztatzeko puntu batzuk izango lituzke; hala nola, zein lekutan jarriko litzatekeen indarrean. Hori dela eta, aurreikusten denez, leku publiko guztietan sartzeko izango da beharrezkoa txertatuta egotea; erran nahi baitu tabernetan, gune kulturaletan nahiz bestelako ekitaldi jendetsuetan. Oraindik ez dakite garraio publikorako ere eskatuko duten txertatuta egotea.

Horrez gain, neurria lan-mundura hedatzeko asmoa ere azaldu du Frantziako Gobernuak. Osasun-sektoreko langileek dagoeneko erakutsi beharra dute Covid ziurtagiria soldatapeko lanean, baina, neurri berriarekin, txertatuta daudela frogatu beharko dute. Covid ziurtagiririk erakutsi ez duten langileen soldatak izoztuak izan dira jada osasun-sektorean.

Txertoan oinarritutako ziurtagiria ez dela "lanbide guztietara hedatuko" esan du Castexek, baina ziurtagiri arrunta, orain artekoa, eremu gehiagotara zabaltzea jarri dute mahai gainean.

 Bederatzi hilabeteko iraungipena izango dute Covid ziurtagiriek Europar Batasunean

Errefortzu dosirik hartzen ez bada, bederatzi hilabetean galduko dute balioa Covid ziurtagiriek. Hasiera batean, Europar Batasuneko estatu batetik bestera mugitu ahal izateko eskatuko dute dosi gehigarri horiek hartzea, baina baliteke irizpide berdina ezartzea beste eremu batzuetan ere.

Covid ziurtagiriaren balioa mugatzea erabaki zuen atzo, abenduaren 21ean, Europako Batzordeak. 2022ko otsailaren 1etik aurrera sartuko da indarrean neurri berria: bederatzi hilabeteko epean iraungiko dira ziurtagiriak. Bederatzi hilabete horien zenbaketa, hain zuzen, txertaketaren pauta osoa betetzen den egunetik hasten da. Behin ziurtagiria iraungitzean, berriz ere balioa izan dezan, txerto dosi gehigarriak hartu beharko dira.

Europako Batzordeak dio "errefortzu dosiak sustatzeko" hartu duela neurria, aurreneko txertaketa zikloa amaitu eta sei hilabetera dosi gehiago hartzea "gomendatzen" duelako Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak.

Europar Batasuneko estatu batetik bestera mugitzeko orduan, ziurtagiriari lotutako irizpide berdin eta "koordinatuak" izateko ezarri dute neurri berria; ustez. Bruselak, ordea, dagoeneko aitortu du harago joango dela ziurtagiriaren iraungitze-dataren ezarpena: mahai gainean dago, antza, ostalaritza-lokaletara sartzeko ere derrigorrezkoa izatea errefortzu dosiak jasotzea, ez soilik Europar Batasuneko estatu batetik bestera bidaiatzeko.