Beharrezkoa da hau behin eta berriro errepikatzea, hein batean horri esker lortu baitugu egun dugun %91ko helduen txertaketa tasa Euskal Herrian, beste herrialde askorekin alderatua nabarmen handiagoa dena. Baina “txertoak funtzionatzen du” mantra horrenbeste aldiz errepikatu dugu ezen ahaztu egin garela soilik txertaketarekin ez dela nahikoa egoera epidemiologiko honi aurre egiteko.
"Txertoak esterilizatzaileak ez baziren ere, bazuten gaitasuna birusaren kutsagarritasuna erdira jaisteko (...) Horrek izugarrizko aukera zabaltzen zuen pandemiari itzelezko buelta bat emateko"
Zientzialari bezala uste dut –ez nazazue gaizki interpretatu mesedez– txertaketa masiboarekin porrot egin dugula. Jakina da SARS-CoV-2aren kontrako txertoak jendeak horren sintoma larriak ez izateko, eta, batez ere, biztanleriaren zati zaurgarrienen heriotzak saihesteko balio izan duela, baina baita kutsagarritasuna jaisteko ere. Hau da, orain arte ekoitzi eta inokulatu diren txertoak esterilizatzaileak ez baziren ere, bazuten gaitasuna birusaren kutsagarritasuna erdira jaisteko, horren adibide garbia izanik urria aldera genuen positibotasun tasa baxua. Horrek izugarrizko aukera zabaltzen zuen pandemiari itzelezko buelta bat emateko, positibotasun tasa baxua mantentzen saiatuz epe luzera. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan harturiko erabakia aztarnarien zati bat kaleratzea izan zen, eta, gainera, positibo baten kontaktu estuen derrigorrezko berrogeialdia ezabatu zen estatu mailan.
Bi erabaki horiek argi uzten dute epe luzerako estrategia baten gabezia agintarien partetik eta txertoari probetxua ateratzeko ezintasuna edo borondate eza. Aukera oso on bat izan dugu egoerari epidemiologikoari buelta interesgarri bat emateko eta ez du inork aprobetxatzen jakin izan.
Baina kanpoaldean musukoaren derrigortasuna ezarri nahi duten bitartean, gel hidroalkoholikoa aireztatu bako toki itxietan jartzen dugunean, %91ko txertaketa tasa izanik Covid pasaportea eskatzeari burutsua deritzotenean, eta umeen parkeak prezintatzen dituzten bitartean, ez gara egongo honetaz berba egiteko prest.