argia.eus
INPRIMATU
Txertoa, negozioa eta desberdintasuna
  • COVID-19ren aurkako txertoaren lasterketa erakusten ari da bizitzaren aldeko borroka horren atzean negozioa eta desberdintasuna ere badagoela, pertsona eta herrialde guztiak ez garela berdinak.

Juan Mari Arregi 2020ko abenduaren 17a

Enpresa bioteknologikoak (Moderna, Cure Vac, Novavax eta BioNTech) eta farmaziako erraldoiak (Pfizer, AstraZeneca, Jonhson & Jonhson, Sanofi eta GSK) negozioa bilatzen duen kapitalismoaren parte dira, eta ez zaie batere axola sortzen duten desberdintasuna.

Lau enpresa bioteknologiko handi horiek, Bloomblergen kalkuluen arabera, 2020an 1.205 milioi dolar gastatu dituzte, baina 12.000 milioi euroko mozkinak izango dituzte hurrengo bi urteetan: 6.035 milioi 2021ean eta 5.970 2022an. Aipatutako enpresa farmazeutikoek, bestalde, 24.750 milioi dolarretan haziko dituzte beren salmentak. AstraZenecak bakarrik kalkulatzen du 7.000 milioiko irabaziak izango dituela 2022an. Negozio bikaina.

Konpainia horiek ehunka milioi jaso dituzte AEBetako Gobernutik eta Europar Batasunetik, bai txertoaren ikerketa eta garapenerako zuzeneko diru-laguntzetan, bai hornidura-kontratuen bidez. Hainbat kalkuluen arabera, ikerketak 5.000 milioi dolar ingururekin finantzatu dira.

Ondorioz, pandemiak irauten duen bitartean, logikoa, bidezkoa eta beharrezkoa izango litzateke gobernuek neurriak hartzea patenteak ezabatzeko, eta horrela, osasun publikoa lehenesteko merkataritza-interesen aurrean. Indiak, Hegoafrikak eta beste ehun herrialdek dagoeneko eskatu diote Munduko Merkataritza Erakundeari Covid-19ren kontrako produktuekin zerikusia duten patenteak kentzeko.

Pertsonen eta herrialdeen arteko berdintasuna bermatu eta txertoak denok aldi berean eskuratzea nahi badugu, hortik hasi beharko genuke. Txertoak mundu osoan garatu, ekoitzi eta hornituko beharko lirateke, munduko ondasun publiko gisa. Kapitalismoa, ordea, berean .