argia.eus
INPRIMATU
Txertoa doan Kuba bisitatzen duenarentzat
  • COVID-19aren aurkako txertoa, Kuban bertan diseinatu eta fabrikatua, doan emango zaie bisitari guztiei.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 01a
Argazkia: Abel PadrĂ³n Padilla/Cubadebate

Kuba bisitatzen duten pertsona guztiek COVID-19aren aurkako txertoa jasotzeko aukera izango dute. Txertaketa doakoa izango da. La Vanguardia egunkariak aditzera eman duenez, Helen Yaffe, Glasgowko Unibertsitateko Kuban espezializatutako ekonomialari eta We are Cuba liburuaren egileak, turista eta bisitari guztiei txertoak doan eskainiko dizkietela adierazi du. Dena dela, Soberana 02ren txertaketa-egutegiak, sei astetan emandako hiru dosi, egonaldi laburreko bisitariak aukeratik kanpo utziko lituzke.

La Habanako bioteknologia sektorea, Gobernuak kudeatzen dituen laborategi multzo batek osatzen duena, lau txerto ari da garatzen, eta fase aurreratuenean dagoena, Soberana 02 izenekoa, hirugarren proba-fasean sartzear dago. Txertoak Kubako erreguladore farmazeutikoaren argi berdea martxoa erdialdean lortzea espero da.

Efe agentziak zabaldu duenez, gaur sartuko da Soberana 02 txertoa ikerketa klinikoen 3. eta azken fasean. ARGIAk urtarrila bukaeran ezagutarazi zuenez, urte hasieran ekin zioten txertoaren 2. faseari eta bi hilabete behar izan dituzte ia 1.000 boluntariorengan probatuta 3.era iristeko. Proiektuan Italiatik parte hartzen duen Fabrizio Chiodo immunologoak adierazi duenez, 35 eta 85 urte arteko herritarrei ezartzeko prestatu dute txertoa, hasieran Kubako herritarrak immunizatuta gero esportatu ahal izateko.

Soberana 02 ez da tenperatura oso baxuetan biltegiratu behar; beraz, erabilgarriagoa da garapen-bidean dauden herrialdeetan, Pfizer bezalako txertoen belaunaldi berria baino. BioCubaFarmako estatuko enpresa taldea arduratzen da txertoak ikertu eta garatzeaz. Haren kalkuluen arabera, probak ondo joanez gero, Kubak 100 milioi dosi fabrikatu ditzake aurten, hamaika milioi kubatarrak babesteko eta geratzen dena Iran, India, Pakistan, Venezuela, Bolivia eta Vietnamera esportatzeko.

Gaixotasunaren gestioa

Estatuko berrogeialdiari eta auzo guztietan presentzia duen osasun-sistema publikoari esker, 47.000 lagun baino ez dira kutsatu uhartean. Are gehiago, gaixotasunaren tratamenduan erabilitako botiken eraginkortasunari esker, gehienak bertan fabrikatutakoak, 308 pertsona baino ez dira hil. Latinoamerikako emaitzarik onenak dira. Konparatzeko, Dominikar Errepublikan ia populazio bera dute eta kutsatutako 240.000 biztanleetatik 3.000 hil dira.