argia.eus
INPRIMATU
Txertatuz bikotea ahuldu eta fruitu gehiago
  • Txertaketa garaia bizitzen ari gara. Ez guri jartzen diguten halamoduzko txerto horrena, landareena baizik. Txertatzearen arte zaharra oso ezaguna da gure artean, ekintza horrek duen izen mordoa lekuko: txertatu, mentatu, sestratu, enpeltatu, eztitu, fimatu, txermendu, xartatu, enado, edan, edadu, edadon, edaen, edaendu, eradon, eraun, eragotzi, eskizunatu eta eskisunatu behintzat bai. Batez ere bi txerto mota egiten dira hemen; oraingoa, negukoa adar-mentua da. Gero, udaren bihotzean izaten da begi-mentua. Adar-mentua egiteko, mentu-oina nahi den altueran erabat moztu egiten da eta hor azalaren azpian txertatu nahi diogun barietatearen adartxoak edo mentuak jartzen dira; azala azalaren kontra geratzea da gakoa, elkarri izerdia hartu eta eman diezaioten.

Jakoba Errekondo 2022ko martxoaren 03a
Sagarrondoaren adar mentua: azpian mentu-oina, gainean mentua.

Txertatu nahi dugun barietatearen etorkizuna lotzea da kirurgia ebakuntza honen helburu nagusia. Hazien sorkuntzan ia-ia nahitaezkoa den hibridazioak ondorengoengan aldaketak dakartza, eta amaren kopia berdin-berdinak izatea eragozten du, bioaniztasun naturalaren alde. Guk ama ez galtzea nahi, ordea! Barietate edo aldaera jakin bat gustuko dugunean nola hala hari eutsi nahi izaten diogu. Adibidez, niri Pelestrin sagarra (Malus domestica “Pelestrin”) gustatzen zaidanez, ez dut bere ezaugarrietako bat bera ere galtzerik nahi eta betikotu egiten dut. Horretarako aukera bakarra klonak sortzea da. Klonak egiteko amari kentzen dizkiogun adarrak errotu edo itsatsi beste aukerarik ez dago. Errotze hori zuzenean lurrean egin daiteke, baina baita beste landare baten gainean ere. Azken hori da txertaketa. Mentu-oinaren gainean mentua itsatsarazi eta etorkizunean, beti, bi landare bata bestearen azpian/gainean biziko dira. Bikote asko bezala elkar eraman ezin badute ere, halaxe irautera behartuta daude; eraman ezina zenbat eta jasanezinagoa, orduan eta lore eta fruta gehiago emango dute. Mentu-oin eta mentu bikoteengandik asko ikasteko dugu... Guregan naturala zer den ere gogorarazten digute. Parean parekoa ezin pairatu horrek bere emaitzak dakartza. Eraman ezin horrek izerdi trukea, behekoak goikoari izerdi gordina eta goikoak behekoari izerdi landua ematea, urrituko du. Landarea ttikia eta ahula izango da. Biek sortu duten landare hori, biek osatzen duten hori gutxi biziko da, motz joko du. Bizitza motz ikuste horrek gaineko mentua lore eta fruta asko ematera makurtuko du; laster hiltzera doala ikusten duenez, bere kastako ondorengoak sortu nahi ditu. Fruta arboletan ederki ezagutzen da bikoteen eman-hartu hori. Gaizki bizi direnek fruta gehiago emango dute, baina urte gutxi barru hil egingo dira. Oinarri eta arrazoi bera du, gehienbat, inausketak ere, fruta gehiago eman dezan arbola izorratzea, alegia.

Goiko mentuak, fruta ematen duenak, ahulenak, beti behar izango du azpiko mentu oinaren izerdia. Lurrean errotua dagoen horrek baitakarkio landare osoari oinarrizko elikadura. Bikoteak porrot egiten duenean, gainekoarenak egin du, fruta ematen duenarenak. Behekoak, aldiz, bere kasa altsuma edo aldakaitzen bat eman dezake, eta landare berria osatu; berriz txertatzeko prest edo soilik bera, beste inoren beharrik gabe.

Bikote guztiak, izatez, porroterako gaiak dira. Naturala da. Eta guk amari eutsi nahi.