argia.eus
INPRIMATU
Txertaketak ere badu sexua: emakumeak dira gehien hartu dutenak eta eragin kaltegarri gehien adierazi dituztenak
  • Espainiako Estatuan txertoa hartu dutenen %72 emakumeak dira. Eta eragin kaltegarriak adierazi dituztenen %83 dira emakumeak. Adinari erreparatuta, txertoa hartu dutenen %75 dira 18-64 urte bitartekoak, eta eragin kaltegarriak adierazi dituzten artean %91 ere adin tarte horretakoak dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko martxoaren 16a

Otsailaren 21era arteko datuek erakusten dute argazki hau. Txerto mota bakoitzaren arabera:

Pfizer Cominarty: Txerto hau hartu dutenen artean %72 dira emakumeak eta eragin kaltegarriak adierazi dituztenen artean %83 dira emakumeak. Txerto hau hartu dutenen %72 dira 18-64 urte bitartekoak eta eragin kaltegarrienak azaldu dituzten %90 dira adin horretakoak. Eragin kaltegarrien adierazpen tasa: dosia hartu duten 100.000 pertsonatik 204 adierazpen.

Moderna: Txerto hau hartu dutenen artean %73 emakumeak dira eta eragin kaltegarriak adierazi dituztenen artean %84. Adinari erreparatuta, txerto hau hartu dutenen %97 dira 18-64 urte artekoak, eta eragin kaltegarriak adierazi dituztenen %99 dira adin horretakoak. Eragin kaltegarrien adierazpen tasa: dosia hartu duten 100.000 pertsonatik 332 adierazpen.

AstraZeneca: Txerto hau hartu dutenen %67 dira emakumeak baina eragin kaltegarriak adierazi dituztenen %87 dira emakumeak. Adinaren arabera, 65 urtekoei ez zaie jartzen. Eragin kaltegarrien adierazpen tasa: dosia hartu duten 100.000 pertsonatik 69 adierazpen.

Pare bat galdera:

Zenbat emakumek hartzen dute parte txertoen proba faseetan? Gorputz normatiboentzat prestatutako txertoak al dira?

Txertaketa kanpainaz dugun irudia zaharrak babestearena da, baina hartu dutenen %75 sasoikoak dira, eta otsailaren 21etik aurrera gero eta gehiago izango dira proportzioan adin tarte horretakoak.

Ondoeza ohikoenak:

Txertoaren arabera sintomen kopurua aldatzen bada ere, handienetik txikienerako ordena ez da aldatzen, hau da, gehienak "nahasmendu orokorrak" dira, ondoren nerbio sistemari dagokzionak, gero gihar-hezurdurenak, tripakoak, azalekoak... Irudian, Moderna txertoaren ondoren nabaritutako ondoezak, eta sexuaren araberako aldea oso nabarmena.

Oharrak:

Datu hauek eman dituen Espainiako AEMPS Agentziak azpimarratu du eragin kaltegarrien adierazpen hauek ez dutela adierazten sintoma horiek zuzenean txertoarekin lotura dutenik. Txertoa hartu ondorengo egunetan nabaritu diren ondoezak dira, baina kausa frogatu gabe dutenak.

Datuen iturria: Espainiako Medikamentu eta Osasun Produktuen Agentziak (AEMPS gazteleraz) martxoaren 9an argitaratutako COVID-19 txertoen farmakobigilantziari buruzko hirugarren txostena.