Donostiako txertaketa gune handi horretara deiturik zeuden lagunen hitzorduak bertan behera utzi dituzte. AstraZeneca soilik 60 eta 65 urte artekoei ematea adostu zuten asteazkenean Espainiako Gobernuak eta erkidegoek, Europako Medikamenduen Agentziak egindako agerraldia dela-eta.
AstraZenecaren txertoa burukomin ugari ari da eragiten txertaketa masiboa antolatzen ari direnei. Oraingoan, Donostiako Reale Arena edo Anoetako estadiora deituta zeuden 400 lagun inguru etxera bidali dituzte txertorik jarri gabe –gizarte zerbitzuetako beste 9.500 langileri ere jarri behar zieten hurrengo egunetan–, Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adostu ondoren txerto hori 60 urtetik beherakoei ez jartzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak utzi ditu bertan behera txertaketak, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jaso artean. Hain justu, ostegun honetan Jaurlaritzako Osasun sailak erabaki du aurretik Espainiako Gobernuaren eta erkidegoen artean adostutakoa betetzea, eta beraz, AstraZeneca soilik 60 eta 65 urte arteko pertsonei jarriko diete oraingoz. Gauza bera jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak asteazkenean.
Milaka dira txerto horren lehen dosia jarrita duten Euskal Herritarrak –gehienbat Hegoaldean, Ipar Euskal Herrian AstraZeneca ez baita hain erabilia izaten ari–, horietako asko hainbat lanbidetakoak, poliziak, suhiltzaileak, irakasleak... eta osaguntzako beste oinarrizko sektore batzuetakoak, esaterako farmazialariak.
Bigarren dosirik?
Maiatzean ziren bigarren dosia jartzekoa horiei guztiei, baina orain ez dago argi zer gertatuko den. Eusko Jaurlaritzak ere ez du argi, eta informazioa biltzen ari da, ea dosi bakarrak nahikoa babes emango ote lukeen, beste zenbait herrialdetan egiten ari diren bezala. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du dosiari buruzko berriak dauden heinean jakinaraziko dituztela.
Europako Medikamentuen Agentziak (EMA) asteazkenean aitortu zuen AstraZenecak tronbosiak eta albo kalte "arraroak" ekar ditzakeela, baina txertaketarekin jarraitzeko gomendatu zuen. Batez ere emakumezko gazteengan ikusi izan da joera hori. Espainiako Gobernuak eta erkidegoek lurralde arteko bileran hartutako estrategia –txertoa 60-65 urtekoei soilik jartzea– ez du ondo ikusi Eusko Jaurlaritzak, baina bete egingo du.