argia.eus
INPRIMATU
Txertaka edo txertatua?
  • Neguko txertaketa garaia badoa. Adar-mentua egiten da orain. Uda partean begi-mentua egingo dugu, baina orain adar zati bat erabiltzen da mentu gisa. Txertatu edo mentatu gabeko landareari jarriko zaio mentua izango den muskila, ugaldu nahi dugun landarearen adar zatia.

Jakoba Errekondo 2022ko apirilaren 01a

Etorkizuneko landarearen oina izango den mentu oin horri era askotara esaten zaio: txertaka, txertakin, edadega, sestraka, mentatzeke, basaka, basate, basatar, basati, makatza eta abar. Zenbaitek edadega gaztainondoarenari (Castanea sativa) beste inori ez dio esaten. Gereziondoarenari (Prunus avium) momor.

Mentu oinak gerora arbola zenbaterainokoa egingo den hagintzen du. Baita txertoak ere. Txertoa zein altueran egina dagoen, oinaren eta mentatutakoaren artean sortuko den bikote bakar horren tamaina baldintzatuko du horrek. Zenbat eta beherago txertatu, orduan eta handiagoa izango da arbola. Tamainan eragin handia dute, baita ere, oinaren eta mentuaren arteko kidetasunak eta ahaidetasunak. Genetikoki zenbat eta hurbilagokoak izan, izerdi trukeak orduan eta errazagoak izango dira txertoan barrena, eta arbola handiagoa egiteko aukera gehiago.

Txertatzen den mentua gero uzta kendu nahi diogun barietatea izango da. Barietate horiei jagon eta eusteko aukera bakarra da txertoa. Txertaketarik ezean galdu egingo lirateke. Hazitik sortzen dena beti desberdina baita; inoiz ez baititu amaren edota aitaren ezaugarriak %100 berberak izaten. Txertoaren kulturak izakeraren kulturari eusten dio, jaten eta edaten dugunari lotuta. Honelaxe esan zuen Mattin Treku “Mattin” aheztar bertsolari iaioak: “Basate xerto elgarri lotuz / egiten baita arbola, / gure mundu hau hasiz geroztik / publatu izan da hola”.

Basatea eta xertoa edo mentu oina eta mentua lotzeko, ondo itsatsi eta bikoteak etorkizun oparoa izateko, mastika jartzen da; sortutako zauria babestu eta ahalik eta azkarren orbaintzen laguntzen du. Euskaltzaindiaren hiztegiak ederki asko definitzen du mastika: plastikotasun handiko ore itsaskorra, zuloak, zirrituak edo pitzadurak betetzeko erabiltzen dena eta ezarri ondoren gogortzen dena. Aurrez prestatutakoak ere saltzen dira, baina ia txertatzaile guztiek berea egitea nahiago izaten dute. Erretxin kilo bat, gantz edo bilgor kilo erdi, laurden bat argizari edo parafina, eta litro laurden alkohol behar da azkena iritsi zaidan formularako. Gure etxeko sagastian Oiartzungo Artamugarriko Oihanek erabilitakoa berriz: kilo bat erretxin, 800 gramo argizari eta 250 gramo bilgor nahastuta egindakoa zen. Hutsik egin gabe denak itsatsi ziren. Lege zaharreko ukendua egiten duenik ere bada oraindik: behi simaurra eta buztina oinarri, batzuetan lastoa edo belar ondua erantsita.

Txertoa itsatsita basatia denak barietate landua emango du, zuhaitza arbola bihurtuko da. Arantzadun zakarra, leun otzan. Aspaldikoa da gure kuadrillan zakar samar aritzen denari “hi txertatuta al hago?” galdetzea.