argia.eus
INPRIMATU
Txernobylgo zentraletik hurbil gertatutako suteagatik erradiazioa asko handitu da zonaldean
  • Ukrainan, Txernobylgo zentral nuklearretik 50 bat kilometrora dagoen baso batean gertatutako suteagatik, erradiazioa 16 bider handitu da zonaldean. Lurrean zeuden partikula kutsatzaileak aireratzen ari dira sugarrak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a
Suteak hartutako eremua / Ukrainako larrialdi zerbitzuak

Vladimirovka-tik gertu dagoen baso bateko 100 hektarea hartu ditu larunbat iluntzean piztutako suteak, eta suhiltzaileak hura erabat itzali nahian ari ziren asteartean. 30 kilometro hartzen dituen esklusio-eremuan dago Vladimirovka, eta badirudi erradiazio-maila zonalde horretan "soilik" handitu dela. Kiev hiriburuan esaterako ez da sutearen eragina nabaritu, ezta Txernobyl hirian bertan ere.

Poliziak pertsona bat atxilotu du, sutea hark eragin zuelakoan, The Guardian egunkariak jakinarazi duenez.

"Albiste txarrak dira", idatzi du Yegor Firsov Ukrainako ikuskatze-ekologikoko zerbitzu-buruak Facebook-en. "Sutearen erdigunean erradiazioa ohi baino altuagoa da". Partekatu duen bideoan ikus daitekeenez, Geiger neurgailuak markatzen dituen kopuruak ohi baino 16 bider handiagoak dira. Firsovek gaineratu du erradizazioa handitzeak sutea itzaltzeko lanak konplikatu dituela, baina azaldu duenez inguruko herrietan bizi diren pertsonak arriskutik kanpo daude.