argia.eus
INPRIMATU
Txernobyl gogoan, “desentxufatu energia nuklearra” dei egin du Ekologistak Martxanek
  • Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 26a

"Txernobyleko istripuak agerian utzi zuen norainoko arriskua duen zentral nuklearrak martxan izateak. Gainera, balizko istripu batek mugak gaindi ditzakeela eta efektuak hainbat herrialdetara zabal daitezkeela frogatu zuen. Hain zuzen ere, laino erradiaktiboak Europa gehiena zeharkatu zuen; Ukrainaz aparte, Bielorrusiari eta Errusiari eragin zien, nagusiki. Erradiazioaren biktimen kopurua 200.000 ingurukoa izan zen, Errusiako Zientzien Akademiaren arabera, bereziki 'likidadore' deitutakoen artean" oroitarazi du Ekologistak Martxan taldeak.

Tamaina horretako sarraskiak konponbide oso konplexua duela ere ohartarazi du: "Istripuaren ondoren presaka eraiki zen sarkofagoa ez zegoen behar zen moduan; izan ere, 2014 eta 2015 urteetan zati batzuk behera etorri ziren. Erreaktorearen nukleoa urtuta dagoela-eta, ezin da eraitsi, eta beste sarkofago kolosal bat instalatu du Frantziako Areva konpainiak".

"Istripuak saihesteko modu bakarra zentral nuklearrak ixtea da"

"Txernobylgo edo Fukushimako istripuen modukoak saihesteko modu bakarra zentral nuklearrak ixten joatea da" adierazi du talde ekologistak. Horretarako, energia nuklearretik "desentxufatzeko" proposamena luzatu die herritarrei.

Horretarako, energia nuklearra merkaturatzen duten konpainietatik energia berriztagarria soilik saltzen dutenetara igarotzea gomendatu du Ekologistak Martxanek. Eta baita ere norberak bere energia ekoiztea. Horrez gain, argindar kontsumoa "egun batez" edo "betiko" murrizteko hainbat gomendio eman ditu: etxebizitzen isolamendua hobetzea, leihoetan beira bikoitzak jartzea, ahal den guztietan argi naturala erabiltzea eta argiztatzeko LED bonbillak sartzea, etxetresna elektriko zaharrak matxuratu ahala, etxetresna efizienteak instalatuz joatea eta, azkenik, eta, oro har, kontsumo-ohitura apalak hartzea.