Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain, hamar egun beranduago, azken sugarrak itzaltzeko lanetan ari dira.
Euria ari du Txernobylen astelehenetik, eta horri esker suaren arriskua jaitsi da. Hamar egunez 500 langile inguru ibili dira sua itzali nahian, eta azkenean euria eta haizea izan dituzte lagun. Ukrainako Gobernuak “arrisku errealik” ez dagoela esan du, asteburuan zehar suhiltzaileek suebakiak egin dituztela eta Kieveko erradiazio maila (zentraletik 100 kilometrora) ez dela baimendutakoa baino altuagoa.
Apirilaren 14ean bildu ziren Ukrainako presidente Volodímir Zelenski eta larrialdi zerbitzuetako agintariak. Azken horietako buruak, Mykola Txetxetkinek, sua itzali dutela adierazi du, eta zentralaren inguruko 30 kilometroko eremuan azken lanak egiten dabiltzala.
Gezurretan aritzea leporatu diote gobernuari
1986ko katastrofe nuklearrak kritika handiak izan zituen SESBeko Gobernuak gertatutakoa estali zuelako. 34 urte geroago, beste estatu batean dagoen zentral beraren inguruko gertakarien kudeaketak antzeko kritikak jaso ditu. "1986ko katastrofe nuklearra bezalako estalketa” erabili ditu zentralaren inguruko eremua zaintzeko ardura duen kontseiluko Yaroslav Yemelyanekok. Egoera kritikoa dela esan du, eta Gobernua gezurretan ari dela.
Gobernuak 3.000 hektarea erre direla esan du, baina talde ekologistek salatu dute zifra askoz handiagoa dela, 20.000 hektareakoa Greenpeaceren arabera. GKE ekologistako Errusiako delegaritzak egoera kezkagarria dela esan du, sua zentraletik hurbil baitago. Hala ere, oraindik segurtasun distantzia mantentzen dela adierazi du. Dena den, Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako zenbait eremu oraindik oso kutsatuta daudela dio Greenpeacek, batez ere basoak. “Arrisku handiena suaren aurka borrokan daudenek edo hurbil daudenek dute” adierazi du.