argia.eus
INPRIMATU
Txernobylgo zentral nuklearraz 1,5 kilometrora dira sute kontrolaezinak
  • Apirilaren 4an pizturiko suteak ezin kontrolatuz dabiltza suhiltzaileak eta 20.000 hektarea baino gehiago dira suntsiturik. Erradioaktibitateak gora egin du, normala baino hamasei aldiz altuagoa da erradioaktibitate tasa. Greenpeacek jakinarazi duenez, zentral nuklearretik 1,5 kilometrora dira suteak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko apirilaren 14a

Azken asteetan nekez aurkitu daiteke koronabirusaz bestalde den albisterik. Alta, badira eta berdin-berdin kutsakorrak direnak gainera. Txernobylgo zentral nuklearretik hurbil gertatzen ari dena, demagun. “Berri txarrak daude: erradioaktibitatea hein normala baino altuagoa da sutearen oinarrian”, zioen asteburuan ikuskaritza ekologikoaren zerbitzuko buru den Ego Firsovek. Erradioaktibitate tasa normala –jasangarria?– baino hamasei aldiz altuagoa da. Apirilaren 4an piztu ziren suteak, egunez egun milaka hektarea baso txikituz: 20.000 hektareaz gora txikitu dituzte suteek.

1986an istripu nuklearra bizitu zuen Txernobyl inguruan dabiltza 400 bat suhiltzaile sutea kontrolatu nahian. Zentralaz hurbiltzen ari dira suteak, horrek dakarren arriskua eta erradioaktibitatea areagotuz. Apirilaren 13an Greenpeacek jakinarazitakoari segi, zentraletik 1,5 kilometrara dira suteak.

Gobernua kutsadura gorde nahian

Badu ordea egun batzuk ez duela suteen dimentsioaren berririk eman Ukrainiako Gobernuak. Arriskua gorde nahian dabil, dioenari segiz ez delako arrisku erradioaktiborik. "Txernobylgo zentral nuklearra ez da arriskuan, hondakin erradioaktiboen metatze guneak eta bestelako azpiegiturak ez dira mehatxaturik”, Volodymyr Demtchouk Ukrainako zerbitzuetako arduradunaren hitzetan. Erradioaktibitate tasek ez diote gauza bera ordea, eta suteak zentralera hurbildu arau, desmasia handituz doa.