argia.eus
INPRIMATU
Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua
  • Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon liteke.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko abenduaren 24a
Dragatze lanak Txernobil ondoko ibaian (arg.: Sobi)

Ia 35 urte eta gero, Txernobylek oraindik gogorarazten digu nuklearrek nolako arazoak ekar ditzaketen oso epe luzera ere. Europako ubide natural handiena izango den E40 izeneko kanala sortzeko dragatzen ari dira erreaktoretik kilometro gutxira eta esklusio gune barruan dagoen Prípiat ibaia, kutsadura nuklearraren mamua iratzarriz.

Ubideak Panamakoa hirukoiztuko luke eta Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko lituzke, Polonia, Bielorrusia eta Ukraina zeharkatuz. Azken herrialde honetako gobernuak eman du ingurumen baina Txernobylen ibaia dragatzeko, baina, adituen arabera, Energia Atomikoaren Nazioarteko Elkarteak emandako aholkuen kontra doa hori, The Guardian egunkarian irakurri dugunez.

Iturri berak dioenez, ubidearen proiektu osoak 13.000 milioi euro kostako luke eta 13 eta 15 presa artean eraiki beharko lirateke, dragatzeak egiteaz gain. “Presa bat eraiki nahi izatea eta Txernobyleko erreaktorearen ibai hondotik barkuak pasatzea harrigarria da. Esklusio guneko zatirik kutsatuena da”, azaldu dio egunkariari David Bolley fisikari nuklearrak eta Erradioaktibitatea Kontrolatzeko Akro frantziar elkarteko presidenteak.

Langileengan kalte erradioaktiboak sortzeaz gain, ibaian beherago bizi diren jendeek ere nozitu dezakete kutsadura, dio Bolleyk. Sobi enpresa ukrainarrak irabazi du 100.000 metro kubo mugitzeko kontratua. Bere arduradunek azaldu dutenez, urari etengabeko neurketak egin dizkiote eta langileak ekipo bereziekin babestu dituzte; baina The Guardian-ek salatu duenez, ez du hori horrela ote den erakusteko frogarik aurkitu.

Hain justu, duela hilabete gutxi, dragatze obrak hasi baino lehenago, sute erraldoi baten ondorioz erradioaktibitate tasa asko igo zen Txernobilen.

Kutsadura nuklearra ez ezik, ingurumenari proiektuak eragingo dion kaltearekin ere kezkaturik daude naturzaleak. Izan ere, E40 ubidea Polesia deituriko aintzira gunetik pasako da, “Europako Amazonia” ere deitua. Besteak beste, hegazti migratzaileak babesteko kontinenteko toki zabalena da, eta horrez gain bertan bizi dira bisonteak, otsoak, hartzak eta mehatxaturiko beste hainbat animalia espezie ere.