argia.eus
INPRIMATU
Txekiako gobernu teknokrata erori da
  • Txekiar Errepublikako Lehen Ministro Jiri Rusnokek ezingo dio karguari eutsi, Parlamentuan egin den konfiantza mozioan bere aurkako bozak nagusitu ostean. Alderdi zentro-eskuindarren koalizioaren 100 bozak nahikoa izan dira Milos Zeman presidenteak duela hilabete osatutako trantsiziozko gobernu teknokrata baliogabetzeko. Sozialdemokratek eta komunistek alde bozkatu dute, 93 botorekin.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 08a
Ezkerrean Milos Zeman presidentea, eta bere alboan, Jiri Rusnok, orain arte Lehen Ministro izan dena. (Argazkia: byznys.ihned.cz)

Dimisioa aurkeztu duen arren, Rusnok buru duen gobernu teknokratak agintean jarraituko du alderdiek hauteskundeen eguna adostu artean, edo Milos Zeman presidenteak beste hautagai bati gobernua eratzeko agintzen dion arte. Karguan hilabete soilik egin duen Lehen Ministroak positibotzat jo du Parlamentuaren erabakia, herrialdearen “garapen politikoari” mesede egingo diolakoan.

Zentro-eskubiko alderdiekin koalizioa osatu duen TOP 09 alderdi kontserbadoreak, aurreratutako hauteskundeen aldeko apostua egingo duela adierazi du, eta horrek, alderdi ezkertiarren bozekin batera, hauteskundeen aukera ziurtatuko luke.

Orain arte, hauteskundeak baztertu dituzte koalizioko hiru alderdi kontserbadoreek, azken galdeketek “emaitza txarrak” iragartzen zizkietela eta. Azken gobernu kontserbardoreak ekainean utzi zuen agintea, gobernukideei eragiten zieten ustelkeria eta espioitza kasuen argitaratzeak ala behartuta.