Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua dakar. Hala ere, Euskal Herrian bada horri aurre egin nahi dion ekimen bat: HiTZ zentroak euskarazko txatbot sistema irekia garatzeko ekimena abiarazi du.
HiTZ zentroa azken urtean esperimentuak egiten ari da euskarazko adimen artifizialeko eredu ireki bat sortzeko. Helburua ez da soilik txatboterako eredu bat sortzea, baizik eta euskarari eta euskal kulturari buruzko ezagutza txertatzea. Hau ez da erronka erraza, izan ere, euskarazko datu kopurua askoz txikiagoa da hizkuntza hegemonikoenekin alderatuta. Hori dela eta, proiektuaren arrakasta bermatzeko, komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa da.
Hain zuzen ere, HiTZ zentroak eskura dituen teknologia eta modelo libre ezberdinak baliatuz garatutako lehen prototipoak ebaluatzeko fasean jarri ditu, eta horretarako plataforma bat prestatu dute: https://ebaluatoia.hitz.eus/.
Bertan, erabiltzaileek txatboten erantzunak ebaluatu ditzakete, zein den hoberena erabakitzen lagunduz. Prozesu honen bidez, euskarazko ereduaren kalitatea hobetzea eta egokiena zein den identifikatzea espero dute.
Euskararen biziraupen digitala bermatzeko, halako ekimenetan fokua jartzea garrantzitsua da. Teknologia garatuko duten pertsonak, honen aldeko apustua egiten duten instituzioak bezala, euskal komunitatearen parte hartzea aktibatzea ezinbestekoa izango da, bai kasu honetan eta baita etorkizunean ere.
HiTZ zentroarena bezalako ekimenek erakusten du teknologia erraldoien menpe ez egoteko bide propioak badirela eta horietatik ibiltzea besterik ez dugula. Eredu irekiak garatzeak burujabetza teknologikoan pausoak ematea ahalbidetzen du, eta horrek euskararen etorkizun digital oparoago baterako aukera ireki.
Otsailaren 3tik 17ra bitartean, erabiltzaileek aukera izango dute ebaluazioan parte hartzeko, eta HiTZ zentroak espero du komunitateak ahalik eta ekarpen handiena egitea. Euskararen etorkizun digitala guztion esku dago, eta teknologia berrietan hizkuntzaren presentzia ziurtatzeko urratsak ematea ezinbestekoa da.
Parte-hartzaileek, gainera, martxoaren 4an egingo den zozketan sari berezi bat lortzeko aukera ere izango dute. Eman zure laguntza euskarazko adimen artifiziala hobetzeko!