Altsasukoak Aske jardunaldiak izan dira Iruñean eta jendetzak hartu du parte. Gazteluko plazan izan zen elkarretaratzean ere herritar askok hartu zuten parte.
Bi urte espetxean izeneko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, auzia hainbat alderditatik aztertzeko. Jardunaldien amaieran, atzo arratsaldean, elkarretaratzea egin zuten Gazteluko plazan; Altsasuko gazteen aldeko lehenbiziko manifestazio jendetsua amaitu zen toki berean. Ehunka lagun elkartu ziren han, Txarrenari onena atera diozu zioen pankartaren atzean.
Elkarretaratzean, Ainara Urkijok, auzipetuen artean espetxean ez dagoen Altsasuko gazte bakarrak, bere lagunek Zaballako espetxetik (Araba) idatzitako gutun bat irakurri zuen. Haren bidez, gazteek esan zuten auzian bi alde egon direla: batetik, Altsasu kriminalizatu nahi izan dutenak; eta, bestetik, arazoari aurre egiteko bat egin duen herria. Bigarren horretan egon diren pertsona eta taldeei eskerrak eman zizkieten, eta adierazi zuten bat eginik helburuak lor daitezkeela. Gainera, esan zuten denak espetxe berean daudenetik hobeto daudela.
Urkijoren ostean, Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske taldeetako kideek hitz egin zuten. "Badakigu mobilizazioa, salaketa eta elkartasuna direla injustizia hau amaitzeko motorrak".
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
📽 Las jornadas #AltsasukoakASKE han sido un éxito. Un esfuerzo colectivo donde creando marcos de reflexión y movilización hemos seguido ahondando en la evidente injusticia del caso #Altsasu #Alsasua. Este fin de semana nos deja más argumentos para continuar luchando. ¡SEGUIMOS! pic.twitter.com/ENDl6itNMA
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 2018(e)ko azaroaren 18(a)
Gazteluko plazan kokatutako gartzelatik Nafarroako lagun asko pasako dira asteburu honetan, 30 minututako txandetan banaturik. Denbora laburra gure 7 lagunek iada bizi izan dutenarekin. Zigorrak eta mendekuak ez diote gure elkartasunari irabaziko! #Altsasu #Alsasua pic.twitter.com/X8tPMsu1K3
— Entzun Altsasu (@EntzunAltsasu) 2018(e)ko azaroaren 17(a)