argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Txarrak berri lan merkatuan

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko irailaren 08a

Argitaratu dituzte udaran zehar enpleguaren bilakaera aztertzeko balio duten datuetako batzuk. Betiko datuak, Kapitalak ezarritako sailkapenak jarraituz egiten diren argazkiak erakusten dizkigutenak. Eta ohiko argazkia erakutsi digute. Zaharrak berri hortaz. Hala bada ere, eta zorrotzagoak izango bagara, txarrak berri esango dugu.

Langabeziak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ohikoa, uda sasoiko kontratuak bukatzen direlako. Baina industrian igo da gehien, eta hori ez da batere seinale ona. Eusko Jaurlaritzak berehala ukatu du joera baten aurrean gaudenik, baina gutxik ukatzen du energiaren prezioak industria kaltetuko duela.

Nafarroan langabeziak behera egin du, baina gizarte segurantzak afiliatuak galdu ditu, beraz kontratua duten langileen kopurua jaitsi egin da. Kontratazioari dagokionez, lautik hiru dira aldi baterakoak. Badago datu honetan hobekuntzarik ikusten duenik, baina ezin ahaztu Espainiako lan erreformak ekarritako muga jakinik gabeko kontratuak ez duela ez egonkortasuna ezta kalitatea ere bermatzen.

Non dago berria? Hauek direla lan erreforma horren ondorengo lehen datuak. Eta erakusten duten lan merkatu horretan egingo diogu aurre langileok gainera datorkigunari.

Ez dago beste lan erreforma baterako tarterik, aukera zegoen eta ez zuten egin. Kaleratzeak ez ziren garestitu, ez zen trabarik jarri. Errazak eta merkeak dira, bai indibidualak, baita kolektiboak ere. Ez zen langileen negoziazio ahalmena indartu. Ez zen urratsik egin lan legeria langileek behar dugun babes harresia izateko.

Oraingoan ere, harresirik badago, langileok eraikiko dugulako izango da. Galtza bete lan kurtso berrian, beraz.