argia.eus
INPRIMATU
TRWko sindikalistak:
“Txarra eta oso txarraren artean aukeratu behar izan dugu”
  • Zaila zen erronka: 250 langile kaleratzeko mehatxuari aurre egin edo 123 kaleratu. Batzarrean bigarrena babestu zuten %58k.

     

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko otsailaren 26a
Euskalerria Irratian aritu dira David Markalain (CCOO) eta Pedro Larrea (LAB) TRWko langileak. (Arg.: Euskalerria Irratia) Euskalerria Irratian aritu dira David Markalain (CCOO) eta Pedro Larrea (LAB) TRWko langileak. (Arg.: Euskalerria Irratia)

TRW enpresako Langile Batzordeko Pedro Larrea (LAB) eta David Markalain (CCOO) Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan izan dira, multinazionalak 123 behargin kaleratu eta lau urtez soldatak izoztuko dituela jakinarazi ostean.

Aho bizarrik gabe mintzatu da Markalain, zorrotz. Atzoko bozketaren emaitzak aztertu ditu: "Langileek ez dute onartu erabaki hau ona iruditzen zaielako, baizik eta beste alternatibari aurre egiteko kapaz ez direlako ikusi". Bat egin du Larreak. "Erabakia txarra edo oso txarra da", esan duenez. Nolanahi ere, 250 lagun langabezian geratzea baino hobea dela argi dute biek ala biek.

Bozkaketaren ostean, TRWko langile batzordeak ez du akordioa onartu, baina CCOOk eta UGTk gehiengoa dute -11 lagun hamazazpitik-, eta, beraz, gehiengoa dutenez, aurrera eginen du.

David Goliaten aurka

"Erraminta ugari dauzkate, legeak beren alde, deslokalizazioa... botere handia dute. Gobernua egon zen eta akordio bat atera genuen eta orain dagoena baino txarragoa zen". Markalainek egin ditu hitzak. Hausnarketa utzi du airean: "Gobernuak giltza ez edukitzea da lan erreformaren ondorioa".

Garbi dute: 500 langile baino gutxiagoko enpresa bat nahi du multinazionalak. Halaxe ziurtatu du Larreak.

Kalera doazenak, zein baldintzatan?

Antzinakotasuna eta absentismoa. Bi dira kontuan izanen dituzten faktoreak 123 kaleratze horiek zuzentzeko. Markalainen hitzetan, "gutxienez" 24 hilabeteko indemnizazioa jasoko dute. Kritika ez du ahantzi, aitzitik: "Guretzat indemnizaziorik onena lanean egotea da".

Langileak elkarren aurka

Bikoiztuta dauka ekoizpena TRWk, beraz, produktu jakin batzuk ez dituzte soilik Landabendik jasotzen multinazionalean; Poloniako fabrika batean produkzio bera egiten dute. "Joko makrabroa" da, Larrearen irudiko. Izan ere, lehian jartzen dituzte bi lantegiak. "Gu borrokatzen ari gara Poloniako lantegiaren kontra eta joko hori oso biziatuta dago, haiek ere egiten badute zer edo zer gure kontra doa".

Kezkak kezka, aurrera begira jarri dira. Bide judiziala. Horra sindikatuek urratu nahi duten bidezidorra. Eta horri ekinen diote.

(Albiste hau Euskalerria Irratitik ekarri da CC-BY-SA lizentzia baliatuta)