argia.eus
INPRIMATU
Txapela buruan
Jabi Elorza Antia 2025eko martxoaren 15

Iazko udan ere Alacant aldera hurbildu ginen eguraldi hobea aurkitu nahian eta, urtero bezala, egun batez, Benidorm erraldoian sartu ginen hango giroan murgildu, zerbait hartu eta seme-alabekin izozki edo gofre bat dastatzeko asmoz.

Hiri bitxia da, denetarik aurki dezakezu bertan, denetariko jendea. Tartean euskaldun asko. Bertoko taberna bateko mahai batean eseri eta alde batetik bestera doan jende andana behatzen orduak eman ditzakezu.

Aurten, eztabaidagaia eta arreta eman diguna umeen futbol taldeen kamisetak izan dira.

Ume, nerabe eta aita askoren janzkera, udan batez ere: txankletak (galtzetin zuriekin nerabeek, ez dut moda hau ulertzen) edo zapatilak, praka laburra eta, nola ez, futbol talderen baten kamiseta.

Mundu osoko taldeen kamisetak ikus daitezke Benidormen. Azal zurbil eta ile ia zuriko umeen Suedia, Norvegia, Danimarka eta Finlandiako taldeen kolore bizidunekoak eta, nik bederen, ezagutzen ez ditudanak, Erresuma Batuko ume asko beraien Celtics, Manchester edo Tottenhamen elastikoekin, Alemaniakoak, Frantziakoak, Italiakoak, Espainiakoak… Eta, tartean, nola ez, Hego Euskal Herriko ume asko beraien Athletic, Reala, Alaves, Osasuna edo Eibarrenekin.

Zergatik eramaten dituzte Euskal Herriko umeek beraien izenak futbol kamisetetan eta Europako beste lurraldetakoek jokalarienak? Horixe geure gau bero hartako eztabaidagaia

Hondartzako pasabidean, taberna bateko mahaian eserita, lau familia genituen inguruan. Alboko mahaian hiru gizon alemaniar, litroko garagardo pitxerrak eskuan, eta lau ume: Kimmich, Kobel, Messi eta Musiala izenekoak. Atzean zarata gehiegi ateratzen zuen Andaluziako bikote bat beren bi semeekin, euren izenak: Mbappé eta Vini jr. Bi mahai haratago Ingalaterra inguruko amama, zigarro bat bestearen atzetik etengabe erretzen, hamar urte inguruko neskatoa, Kane, eta apur bat gazteagoa zirudien mutikoa, Watkins. Eta, aurrez aurre, euskaraz ari ziren Gernika inguruko bi bikote adin bertsuko lau neska-mutilekin: June, Iker, Irati eta Egoitz. Aupa zuek!

Zergatik eramaten dituzte Euskal Herriko umeek beraien izenak kamisetetan eta Europako beste lurraldetakoek jokalarienak? Horixe geure gau bero hartako eztabaidagaia.

Harrotasun puntu bat ematen zigun, ez dut ukatuko, are handiagoa, beharbada, sorlekutik urrun egonda. Iritzi desberdin asko entzun eta eman genituen, batzuk ezin dira hemen idatzi, baina han geundenok, arrazoi horietako batean gutxienez, ados geunden: Euskal Herriko biztanleok nortasun berezia dugu, umetatik gara ezberdinak, kasu honetan hobeak zalantzarik gabe, eta geure futbol taldeen, guztien, filosofia nortasun horren ildotik dator.

Jabi Elorza Antia