Nekane Txapartegiren estradizioaren harira, bi adituk Txapartegik salatutako torturen inguruan sinesgarritasuna azaldu dute, Suitzako Le Temps egunkariari egindako adierazpenetan. Garak jaso duenez, kasu bakana ez dela azpimarratu dute, alegia, tratu txarrak ohikoak izan direla inkomunikazio aldian Espainiako polizia-etxeetan.
Txapartegiren tortura salaketari sinesgarritasuna azaldu ez ezik Guardia Zibilak atxilotutakoekin izan ohi duen jarreraz ohartarazi dute Jean-Pierre Restellinik eta Gerald Staberockek. Auzitegiko medikua da lehena, Europako Kontseiluko kide ohia eta Torturaren prebentziorako Suitzako Kontseiluko lehendakari izandakoa. Staberock, berriz, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko idazkari nagusia da.
“Espainiako Guardia Zibilaren jardunbidea ezaguna da. Zoritxarrez, emakume gazte honen torturaren inguruan zalantza gutxi dago. Buruan poltsa, elektrodoak eta sexu biolentzia ohikoak izan dira”, azaldu du Restellinik.
Staberockek gaineratu du litekeena dela “Txapartegiren aurkako kondena torturapean lorturiko frogetan soilik oinarritutakoa” izatea, “eta hori da auzi honen arazoa: egia balitz, Suitzak ezingo luke estraditatu, zuzenbide internazionalaren aurkakoa litzatekeelako, baita Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoa ere”.
Espainiaratzeko arriskua
2015eko apirilean atxilotu zuten Nekane Txapartegi eta Suitzako epaileek erabaki beharko dute Espainiaratzeko egindako eskariari jarraituko dioten ala Suitzan gelditzeko baimena emango dioten.
Txapartegi estraditatu ez dezaten eskatzeko irailaren 20an elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Suitzako kontsulatuaren aurrean, Nekane Libre! plataformak deituta. Irailaren 24an manifestazioa egingo dute Bernan (Suitza), estradizio prozesua salatu eta Txapartegi berehala askatzeko aldarrikatzeko.
Estradiziorik ez! Nekane Libre! Asilo politikoa orain! 20/09/2016 Embajada #Suiza #Bilbao https://t.co/McNeGu2mGv #StopTorturaSexistas pic.twitter.com/1eB5uT32kZ
— Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea) 20 de septiembre de 2016