argia.eus
INPRIMATU
Txantxarrekan dauden migranteak elkartasun gaueko izarrak
  • Ostegunean Donostiako Txantxarreka gaztetxeak errefuxiatuen aldeko kontzertua antolatu du Dokan deirua bildu eta hilabete baino gehiago abian daramaten proiektuarekin aurrera jarraitzeko.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko irailaren 14a
Dokan aretoa jendez gain eta Txantxarreka gaztetxeko migranteak eszenatoki gainean (Iturria: Txantxarreka; egilea: Asier Gonzalez de San Pedro)

Donostiako Udalak hiru eguneko harrera zentro batera eramaten ditu hirira heltzen diren migratzaileak eta gero kalean geratzen dira. Txantxarreka gaztetxeak horietatik hamasei hartu zituen abuztuaren 10ean eta laguntza eskaini. Orain inoiz baino laguntza gehiago behar dutela diote, batez ere zaintza egitera animatzen dituzte herritarrak.

Sarrerak aurreko ostiralean jarri zituzten salgai eta “agortuta” iragarri behar izan zuten. Kartel potentea zen: Beñat eta Unai Gaztelumendi eta Ane Labaka bertsolariak, Olatz Salvador, Anari, Izaro Andres, Gorka Urbizu, Aiora eta Piti, eta Iker Lauroba eta Leire Letu izan ziren gonbidatuak The Txantxafrika’s taldearekin batera. Gaztetxeko kideek eta migranteek osatutako taldea da hau, taldearen izen bereko kantua zabaltzean ezagun egin ziren.

Bertsolariek eman zioten hasiera gauari. Urduritasuna nabari zen giroan, gau berezia izango zenaren seinale. Ondoren Olatz Salvadorrek abestu zuen eta nerbioak pixkat lasaitzen lagundu zuen. Anarik hartu zuen lekukoa eta ahotsetik guztiz ondo egon ez arren, kontzertua ematera animatu zen. Zea Mays taldeko Aiora eta Piti igo ziren eszenatokira gero. Hasieran bi abesti lasai jo arren, azkenekoa Negua joan da ta izan zen eta publikoa berotu egin zen. Txantxarrekako kide batek eta migrante batek hitz batzuk irakurri zituzten. Eskerrak eman zizkieten gerturatutako guztiei eta proiektuaren parte izatera gonbidatu zituzten. Hor emozioa nabaritu zen. Hauek amaitzean Iker Lauroba eta Leire Letu-ren txanda iritsi zen. Laurobak errepikatu egin zuen Izarorekin. Azken aurrenaren txanda, Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslaria. Hau ere urduri zegoen eta kantuentzako publikoaren laguntza eskatu zuen. Eta azkenik, gaueko momenturik bereziena. Migranteak igo ziren eszenatokira Txantxarrekako kideekin pare bat kantu abestera. Urduri zeuden baino gero dena pasa zitzaien eta oso eskertuta azaldu ziren. Jendeak ere eskertu zien ekimena eta “Inor ez da ilegala” eta “errefuxiatuak ongi etorri” oihu artean amaitu zen festa.

Lotura honetan gaueko argazkiak: