argia.eus
INPRIMATU
Kanporatu nahi duten senegaldar batekin elkartasun kanpaina jarriko du martxan Txantreak
  • Cheikhouna izeneko gazteak hamar urte daramatza Espainiako Estatuan bizitzen. Duela hilabete batzuk Espainiako poliziak atxilotu zuen, bera kanporatzeko prozesua martxan jarriz. Larunbat honetan prentsaurreko bat emanen dute auzia salatzeko eta elkartasunezko ekimenak iragartzeko.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2016ko azaroaren 23a

Cheikhouna Senegalgo gaztea duela hamar urte patera batean iritsi zen Kanariar Irletara. Gaur egun Iruñeko Txantrea auzoan du bizilekua, eta baita koadrila ere. Baina lehenago CIE batean egon zen atxilotuta.

Duela gutxi poliziak kalean geldiarazi, paperak eskatu eta berak ez zituela erantzun zuenean kanporatze agintea jarri zioten. Apirilean epaiketa  izanen du, eta prozesu honetan paperen gaia eztabaidatuko dute. Bere abokatuak dioenez, auzia irabazteko aukera ederrak omen ditu, aurretik kondenarik ez duelako, Caritasen eta Gurutze Gorrian laguntzen duelako eta, batez ere, bere bizitza Nafarroan duela egiaztatu ahal delako. Hala ere, alarma guztiak piztu dira Txantrean, izan ere, Administrazioak apirila iritsi baino lehen kanporatzeko aukera duelako, Alutxeko CIE ezagunera bidali dezake eta handik Senegalera.

"Modu horretan euren herrialdetara itzuli behar izaten dutenek, euren familiengandik ez dute harrera onik jasotzen. Egoera gogor horri, lana bilatzeko aukerak ere txikiak direla gehitu behar zaio, beraz, euren buruak bakarrik topatzen dituzte eta dirurik gabe, Nafarroara itzultzeko aukerak ere txikituta", salatu du Euskalerria Irratian Isa Egiguren kazetariak.

Larunbatean, SOS Arrazakeriarekin eta auzoko hainbat elkarterekin batera, bere lagunek euren kezkak azalduko dituzte  Arriurdiñeta plazan goizeko 11:00etan eginen duten agerraldian.

Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra