argia.eus
INPRIMATU
Txandakatze sistemarik ez: pazienteek ohiko medikuarekin jarrai dezatela exijitu dute Arabako landa eremuan
  • Arabako landa eremuko osasun zerbitzua "hondoratzen" eta "hondatzen" ari direla salatzeko, ia 60.000 sinadura lortu dituzte bertako osasun profesionalek. Sindikatuek greba deitu dute apirilaren 27rako.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko apirilaren 17a
Arabako landa eremuko osasun langileek eta herritarrek egindako manifestazioa, Gasteizen. (Argazkia: LAB sindikatua)

Paziente guztiek beren erreferentziazko medikuak eta erizainak ezagutzen dituzte, eta harreman "zuzena eta azkarra" dute haiekin, Arabako landa eremuko herrietako Osakidetzako langileen esanetan. "Langileen eta pazienteen arteko erreferentzia hori oinarrizkoa da kalitatezko lehen mailako arreta garatzeko. Eta horrela izaten jarraitu behar du".

Langileek eurek salatu dutenez, txandakatze sistema planteatzen ari da Osakidetza Arabako ESIekin elkarlanean, finean, talde bereko profesionalak anbulatorioz anbulatorio mugi daitezen sortutako beharren arabera. Hau da, seinalatu dutenez, kontsultategiak txandakatuko dira. Langileen aburuz, "eraso garbia" da osasun arretaren kontra: "Egoera horrek pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko harremana ezabatzea ekarriko luke. Oso kalte larria ekarriko du asistentziaren kalitatean, landa eremuko langileen eskubideak urratzeaz gain".

Dagoeneko ia 60.000 sinadura batu dituzte langileek eta plataformako kideek, change.org atariaren bitartez.

LAB sindikatuaren arabera, landa-herrietako arreta husteko asmoekin edo ibilbide-orriarekin jarraitzen du Osakidetzak, eta alde batera utzi dira langileak. ELAk, bestalde, azpimarratu du 25 urte daramatzala Osakidetzak Arabako landa eremuan asteburuetako etengabeko arreta kontratu partzialak egiten, eta behin-behineko kontratuekin gainera. Protestara deitu dute apirilaren 27rako, SATSE, SME, ESK, UGT, CCOO eta SAE sindikatuekin batera.

Mosaikoa, apirilaren 22rako deitutako protesta hauspotzeko

Osasun Publikoaren egoera "kaotikoa" dela salatu dute Osasun Publikoa Aurrera plataforman bildutako kideek asteburuan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Hala Bedi irratiak jaso duenez, ondoko adierazpen hauek egin dituzte: "Gaixotasunen prebentzioan funtsezkoa den lehen mailako arretak ez du profesional nahikorik; eta auzo eta herri batzuetan ez da existitzen. Ez dagozkien lanak egiten dituzten profesionalak ditugu, paziente gehiegi dituztenak; eta, horrek, pazienteek aurrez aurreko arreta lortzeko ezina dakar, etsipena sorraraziz".

Gauzak horrela, apirilaren 22an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.