argia.eus
INPRIMATU
Txaloak txalo, EBko herrialdeek osasunean murrizketa handiak egin dituzte azken hamarkadan
  • Pribatizazioen bultzada eta sabai gastuaren debekuekin, azken hamarkadan murrizketa handiak egin dira Europar Batasuneko herrialdeetako osasun gastuetan. Horien artean gehien murriztu dutenak, Grezia, Islandia eta Portugal izan ziren, ondoren datoz Espainia eta Italia.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 26a
Argazkia: Irekia Argazkia: Irekia

Krisiaren aurretik, adibidez, Espainiako Estatuak Barne Produktu Gordinaren (BPG) %7 gastatzen zuen osasunean, gaur egun %6,2. Horrek esan nahi du 2009tik gaurdaino 7.600 milioi euro gutxiago gastatzen duela osasunean. Krisiaren aurretik ere, Espainiak BPGaren Frantziak baino 2 puntu gutxiago gastatzen zuen, eta Alemaniak baino 2,5 puntu gutxiago. Gaur egun tarte horiek areagotu egin dira: Espainiak 3.300 euro gastatzen du osasunean pertsonako, Frantziak 4.900 euro (%49 gehiago) eta Alemaniak 6.000 euro (%81 gehiago).

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) ondoko datuek, munduko herrialdeen egoera konparatzen dute. Osasun pertsonalari dagokionez, Espainia eta Frantziaren egoera ikus daiteke inguruko herrialdeak aintzat hartuta. Kopuru txikiena Espainiarena da, 30,1 pertsona lenean osasun sisteman 1.000 biztanleko; gero Italia, 32 pertsona; Frantziak eta Erresuma Batuak 60na pertsona dituzte; eta Alemaniak 71.

Erizainen kasuan kopuruak honakoak dira: Espainiak 5,7 erizain 1. 000 biztanleko, Frantziak 11 eta Alemaniak 13. EAEn, adibidez, 7,4 da erizain kopurua eta Nafarroan 8,5.

Ohe kopuruen ikuspegitik Alemania da EBko buruan, 800 oherekin 100.000 biztanleko. Frantziak 598 ditu, Italiak 318 eta Espainiak 297. EAEko kopurua 330ekoa da eta Nafarroakoa 383. Europar Batasunaren batez bestekoa 405ekoa da.

Txalo egiten zaie orain osasun alorreko langileei eta agintariak lehen lerroan jartzen dira gainera, baina oro har, datuek erakusten dute herrialde gehienek atzera egin dutela osasun gastuetan: gero eta pertsona gutxiago ari dira lanean osasunean eta dabiltzanak ere baldintza okerragoetan. Frantzian, esaterako, protesta gogorrak izan dira ospitaleetako lan baldintzak hobetzeko, eta ondorengo bideo irudietan ikusten den bezala, errepresioa ere bai.