Espainiako Kongresuan izan dira bigarren egunez jarraian Turull, Rull, Sanchez eta Junqueras. Behin osatuta, Kongresuko mahaiak erabakiko du euren kargugabetzearen inguruan. Meritxell Batet, izendatu dute Kongresuko presidente .
Goizeko 09:00ak pasata heldu dira Kataluniako preso politikoak Espainiako Kongresura, Soto del Real espetxetik eramanak. Aretora sartzean gainontzeko kongresukideen txaloak nagusitu dira, nahiz eta “kanpora” esaten zuten oihu batzuk ere entzun diren. Lau politikariek alderdikideak zein beste indar politikoetako ordezkari ugari agurtu eta besarkatu dituzte eserlekuetara bidean, Podemos, PSOE eta Ciudadanosekoak barne.
Diputatuek euren karguak hartu dituzte banan-banan, eta ondoren Kongresuko mahaia osatzeko bozketak hasi dira. PSOEko Meritxell Batet kataluniarra izan da hautatua presidente lanetarako, bigarren bozketan. EH Bilduk boto baliogabea eman du, bozkan “LLibertat, askatasuna” idatziz, eta EAJk aldekoa. Kongresuko mahaiaren lehendabiziko erabakietako bat diputatu presoen kargugabetzearen inguruan erabakitzea izango da. Iturri gehienen arabera aldeko erabakia hartuko du mahaiak. Edonola ere, auzia berriz ere Espainiako Auzitegi Gorenera bidaltzeko aukera ere badu.
Romeva Espainiako Senatuan
Raul Romevak, bere aldetik, Senatuan hartu du bere kargua. Hemen ere txaloak izan dira politikariarentzako. Bere familia Senatuan eman dioten tratuaz kexu azaldu da, luze izan baitute areto batean bakartuta saioa hasi bitartean. PSOEko Manuel Cruz izendatu dute Sentuko presidente.