Txakur bat

Antzinaroko mosaiko bat. Irudia: Wikimedia

2024ko maiatzaren 06an - 06:30

Gure auzoa ez da berria, eta modaz pasatutako koloreak dauzka. Eraikinen artean, babesleku moduko batzuk egiten dira, eta arratsalde euritsuetan beltzez jantzitako gaztetxo kuadrillak han aterpetzen dira. Beste aterpe baten azpian albaitari etxe bat dago, eta maiz ikusten dut jendea bere animaliak eramaten: kaiolak, maskota garratzaileak, katuak, txakurrak, untxiak, txoriak....

Han ikusi nuen eszena. Umeak eskolan uztetik nentorrela, gizon bat eta emakume bat albaitariaren kontsultan sartzen ari ziren. Gizona ez zen oso altua, gizon xume bat, nahiko gaztea, eta ile beltzekoa. Besotan txakur bat zeraman, txakur handi bat. Emakumea gizonaren ondoan zegoen, laguntzeko prest.

Hurbiltzen ari nintzela, beste leku batetik entzun nituen negarrak. Bi emakume zeuden, distantziatik negarrez, eszenari begira, geldi, itxaroten. Orduan, berriro begiratu nuen txakurra. Izara batean estalita zeramaten.

–Gaixorik egongo da...– pentsatu nuen.

Baina ez, noski. Hurbildu ahala, puzzle txiki horretako piezak lotu nituen. Hobeto begiratu nuen txakurra, eta konturatu nintzen haren hankak bakarrik ikusten zirela. Burua ere estalita zeukan. Orduan ohartu nintzen txakurra hilda zegoela. Hilda eramaten zuen gizonak besotan. Hilda zegoen txakur batekin sartu ziren albaitariaren kontsultan.

"Pentsatu dut horrelakoak garela gizakiak, besteengatik pena sentitzeko gai, besteengatik arduratzeko gai. Gizatasunaren indargune, eta ahulgune hori"

Orduan, nik ere negar egin nuen, pixka bat bakarrik, malko batzuk bakarrik, nahi gabe, konturatu gabe. Pena sentitu nuen, bat-batean, asko pentsatu gabe, txakur handi horrengatik, eta jende horrek guztiak sentitu behar zuen penagatik, hurrengo egunetan sentitu behar zuen hutsunegatik; bere txakur handi, betegarri ?agian, alai? eta lagungarriagatik.

Gero pentsatu dut horrelakoak garela gizakiak, besteengatik pena sentitzeko gai, besteengatik arduratzeko gai. Gizatasunaren indargune, eta ahulgune hori.

Adibidez:

Emakumeak eguzkitan jarri du landarea. Bere ustez gaizki baitzegoen orain arte zegoen lekuan. "Argia behar du", pentsatu du.

Oparitu zidan orkidea txiki eta more hark ezin izan dio udari eutsi. Bere loreontzi txikitik atera behar izan dut, eta zakarrontzia bota. Botatzerakoan, bere sustrai lirain eta ahulak ikusi ditut, guztiz lehortuta, eta pena sentitu dut, eta negar egiteko gogo pixka bat ere bai.

Txoria espaloian zegoen. Ezin zuen hegan egin, eta gizonak, kontu handiz hartu egin du. Kutxa batean jarri du, eta ur pixka bat eman dio. Bost minutu barru, jada ez zegoen kutxan. Hegan eginez joango zen. Hau poza.

Barraskiloa lasai ari da karretera zeharkatzen. Astiro doa, baina badoa. Umeak kontu handiz hartu du, eta ertzetan dauden belarretan utzi du. Badaezpada.

"Ireki leihoa, ama, erlastar hori atera dadin", esan didate alabek. Eta atera egin da.

Eta abar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteiz
2024-05-15 | Cira Crespo
Hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen begiradatik
Euskararen konplizeak Gasteizen

Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-09 | Hala Bedi
Gasteiz Antzokia babesteko plataforma sortu dute

Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" martxan jartzeko eskatu dio udalari Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak, eta Lazarraga elkartearentzat zein euskalgintzarentzat "errespetua" galdegin dute.


Eguneraketa berriak daude