argia.eus
INPRIMATU
Twitterrek ere datuak saldu dizkio Cambridge Analyticari
  • Facebookek egin bezala, Twitterrek ere erabiltzaileen datuak saldu dizkio aholkularitza enpresa berberari. Hala ziurtatu dio The Telegraphi, baina ezberdintasun batekin: Facebookek ez bezala, txoriaren sare sozialak ez ditu erabiltzaileen datu pertsonalak saldu.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 02a

Global Science Research enpresaren esku utzi zituen Mark Zuckerbergen sare sozialak milaka erabiltzaileren datu pertsonalak. Kasuak zalaparta handia sortu zuen sarean dagoen segurtasun faltagatik eta ezbaian jarri zuen Facebooken fidagarritasuna.

Hilabete geroago Twitterrek bide bera erabili duela atera da argitara: 2014ko abenduaren eta 2015ko apirilaren artean Global Science Research enpresari datuak saldu zizkion eta honek Cambridge Analyticaren esku utzi zituen. Azken kasuak ez du aurrekoak izandako oihartzun bera izan, baina sare sozialetan datu pertsonalek duten babesgabetasuna azaleratu dute.

Twitterrek jada publikoak diren datuak baino ez ditu jartzen beste zerbitzu baten esku. Hau da, publikoki dauden txioak eta erabiltzaileek argitaratutako datuak soilik lortu ditzake erosleak. Telefono zenbakia eta helbide pertsonala salbu egongo lirateke negozio horietatik. “Beste zerbitzu batzuek ez bezala, Twitterrek izaera publikoa du eta erabiltzaileek eurek onartzen dute zer egin publiko eta zer ez”, dio Twitterreko bozeramaile batek Mashable atarian.

Facebookek izandako arazoak saihesteko, Cambrigde Analytica iragarkietatik kentzea erabaki du Twitterrek. Euren negozio eredua Cambrigde Analyticarekin ez datorrela bat argudiatu dute.