argia.eus
INPRIMATU
Twitterrek erabiltzen dituzun webguneak arakatzen ditu
  • Twitter erabiltzen duenak ikusia izango du ezkerreko zutabean "nori jarraitu" izeneko atal bat eskaintzen duela. Zure gustuak hain ondo nola ezagutu ditzakeen ikusi eta harrituta zaude? Nola lortzen duen Twitterrek zure berri hain zehatza edukitzea? Ba antza denez, bisitatzen dituzun webguneak zein diren arakatuz.

Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 11
Twiterrek bisitatzen ditugun webguneen arabera bidaltzen dizkigu lagunak jarraitzeko proposamenak.

Hala azaldu zuen Del Harveyk, Twitterreko Konfiantza eta Segurtasun Zuzendariak Las Vegasen egin ziren SMX Social Media Marketing jardunaldietan. Praktika horren bitartez, Twitter eskua sartzen ari da erabiltzaileen pribatutasunean.

Nola egiten duen hori? Twitterreko "elkarbanatu" botoia daukaten webguneek ahalbidetzen diote erabiltzaileen jarraipena egitea. Demagun azken hamar egunetan ARGIA.com bisitatu duzula. Bada, denbora tarte horretan webgune honetara sartu diren erabiltzaileak jarraitzeko gomendatuko dizu sare sozialak, zure gustuak eta haienak kidekoak direla baitaki.

Twiterren mekanismoa ez da berria eta Twitter ez da formula hori erabiltzen duen lehena. Facebook, Youtube edo LinkedIn-ek ere sistema bera erabiltzen dute. Twitter joan den maiatzean hasi zen formula hori, erabiltzen eta bere blogean idatzi bat publikatu zuen aldaketa azalduz. Garai hartan ordea ez zitzaion garrantzirik eman.

Twitterrek hori egin ez dezan "Do Not Track" izeneko plugina gure nabigatzailean instalatu behar dugu eta gero Twitterri jarraipena egitea galarazten dion laukian sakatuz martxan jarri.