X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.
X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko dituela iragarri du. Informazio biometrikoak pertsonen ezaugarri fisikoak jasotzen ditu, aurpegi-patroiak, hatz-markak edo irisarenak, adibidez. Sare sozialaren ingelesezko bertsioan irakur daitezke berritasunak.
X-k azaldu du datu horiek plataformaren "segurtasuna hobetzeko" erabiliko dituela. Plataforma ordaintzen duten erabiltzaileek, hau da, XPremium harpidetza egiten dutenek, aurpegi-ezagutza erabili ahal izango dute saioa hasten duten bakoitzean. "Horrek erraztu egingo dio X-i identitatea ordezkatzeko saiakerei aurre egiten".
Irailaren 29an sartuko da indarrean eguneraketa, eta haren inguruko zalantzak sortu ditu, pribatutasun politikan ez baitu zehazten zein datu biometriko erabiliko dituen. Hala ere, XPremium erabiltzen dutenen informazio biometrikoa baino ez duela jasoko aurreratu du CBS enpresak.
Berrikuntza gehiago ere eskaini nahi ditu plataformak. Elon Musk-ek aurreratu duenez, laster bideodeiak ere egin ahal izango dira bertan, eta hortik ere jaso ahal izango du informazio biometrikoa X-k. Datu horiez gain, lan eta ikasketa datuak ere bilduko ditu.
Meta-n ere, ordainpeko harpidetza
X-k ez ezik, Metak ere eskainiko du ordainpeko harpidetza, The New York Times-ek zabaldu duenez. Facebook, Instagram eta Whatsapp-en jabea da Meta. Ordaintzen duten erabiltzaileek Facebooken eta Instagramen ez dute publizitaterik jasoko, eta multinazionalak ez ditu haien datu pertsonalak bilduko.