argia.eus
INPRIMATU
Tantaz osatutako itsaso urdinak hartu ditu Bilboko kaleak
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2013ko urriaren 04a
(irudia: tantaztanta.info)

Gizarte, sindikalgintza, politika eta kultur arloko ordezkariek ireki dute bidea: Miren Amuriza, Julio Soto eta Arkaitz Estiballes bertsolariak, Axi Muniain, Irati Anda, Oier Zearra kirolariak; Juanba Berasategi zinemagilea, Eider Rodriguez, Irati Jimenez eta Lutxo Egia idazleak, Joseba Tapia, Ines Osinaga, Txerra Bolinaga eta Enrique Villarreal "El Drogas" musikariak eta Itziar Ituño aktoreak. Amaierako ekitaldian "ez dugu behin behineko askatasunean bizi den herria izan nahi" aldarrikatu dute eta datozen asteetarako urratsak iragarri dituzte.

Argazkia: @uxuelanda

19:00etarako iritsi da manifestazio burua Udaletxera, goiko eskilaratan 18 atxilotuen babesarekin, Maite Ubiriaren argazkiak erakusten duenez. Arkaitz Estiballesek bertsoa horrela bukatu du: "gaur sortu dugun marea urdina geldiezina izango da". Carlos Olalla aktoreak eta Info7 irratiko Maite Bidarte kazetariak hartu dute hitza eta Herriraren aurkako operazioa presoen eskubideen aldeko herritar denen kontrakoa dela salatu ostean, "ez dugu behin behineko askatasunean bizi den herria izan nahi" adierazi dute eta datozen asteetarako pausoak iragarri dituzte: "konpromezua argia eta irmoa da, euskal preso eta iheslariak etxeratu arte ez gelditzea".

Argazkia: @maite_ubiria

@erreharria-ren irudiak erakusten du milaka pertsonak kamiseta urdinez eta tantadun afixaz osatutako itsasoa. Ekitaldiak zirauen bitartean, manifestazioko azken tantak La Casillatik hurbil zebiltzan. Ibilbide osoa hartu du, beraz, manifestazioak.

Ainhoa Etxaidek (LAB) Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan zera azpimarratu du: "Gaur ikusi da Euskal Herrian badagoela indarra estatuari 'aski da' esateko. Euskal insitutzioei eskatzen diegu baliatu dezatela herri indar hau benetan pakea osatzeko".

Manifestazioa hasi aurretik 18 atxilotuek agerraldia egin dute eta Herrirarekiko euren konpromisoa berretsi dute (argazkia: Oihana Elduaien).

Manifestazioaren ingurukoak Twitterren: