argia.eus
INPRIMATU
Mezu arrazistak debekatu beharko ditu Twitterrek Frantzian
  • Frantziako Ikasle Juduen Sindikatu batek salaketa jarri du Twitterren jasotzen diren komentario antisemita eta arrazistengatik. Frantziako Tribunalak dio txio horiek debekatu beharko dituela 15 eguneko epean. Era berean, poliziari lagundu beharko dio argitaratu dituzten jabeak identifikatzen.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 25a
"Beltz on bat" etiketarekin aurkitutako tweet baten adibidea

Frantziako Justiziak adierazi du hamabost egunen barruan aldaketarik ez badago 1.000 euro ordaindu beharko dituela hortik aurrerako egun bakoitzeko.

Azken hilabeteetan hainbat komentario “iraingarri” jaso dira sare sozial honen bidez, Le Monde egunkarian irakur daitekeenez. Batzuk borrarazi dituzten arren, bide horretatik jarraitzen dutela gaineratu dute. Arrazismoaren aurkako hainbat taldek Frantziako legeen aurka egiten dutela eta “diskriminazioa” eta “gorrotoa” azaleratzen dutela salatu dute.

Eduki ez neurgarria

Twitterrek edukia ez kontrolatzeko jarrera azaldu du beti, egunkari frantsesak gaineratu duenez. Bere ibilbidean talde aleman neo-nazi baten txioak bakarrik debekatu ditu, bertako gobernuak hala eskatu zuelako.

Guyu Birenbaum berriemaile frantsesak arazo kulturala dela adierazi zion The Guardian egunkariari, eta zentsura ez dela konponbidea. “Frantziako gobernua ez dago zentsura eta kontrolean oinarrituta. Benetako konponbidea gazteei Internet behar bezala erabiltzen erakustea da eta erantzukizunaz jabetzea”.