Acció Cultural del País Valenciá elkarteak TV3 Kataluniako telebista publikoaren emisioak berrabiarazteko aukera izango du hemendik aurrera eta Valentziako Gobernuak ezarritako 300.000 euroko isuna bertan behera geratu da. Hala adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta sententziaren ondoren, Valentziako Gobernuak esan du beteko duela Auzitegi Gorenaren erabakia.
Acció Cultural del País Valenciá elkarteak, katalanez emititzen duen TV3 Valentzian ikusi ahal izateko hedagailuak jarriak zituen eta Gobernuak 2007ko otsailean emititzea debekatu eta isuna jarri zion. Elkarteak borroka judiziala hasi zuen. Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen elkartearen errekurtsoa eta honek Auzitegi Gorenera jo zuen.
2007an borroka judizialarekin batera borroka politikoa abiatu zuen Acció Cultural del País Valenciá elkarteak eta 650.000 sinadura bildu zituen Valentzian TV3 emititzeko baimena lortzeko.
Orain, elkarteak ez du isunik ordainduko eta emititzeko aukera dauka, baina nahiago du lehendabizi Valentziako Gobernuarekin elkartu eta akordiora iritsi. Izan ere, Auzitegi Gorenak emisioak debekatzeko aukerarik gabe utzi du Gobernua, horretan eskuduntzarik ez duelako, baina elkarteak aurkeztutako errekurtsoetako bat oraindik Valentziako Auzitegi Nagusian dago.
Mercé Teodoro elkarteko abokatuak emititzen hasteko esperantza agertu du: “Eremu erradioelektrikoa badago eta hedagailuen jabe izaten segitzen dugu”.
Informazio gehiago:
2010ean ARGIA astekariko 2216. zenbakian afera honi buruzko erreportajea argitaratu genuen.