argia.eus
INPRIMATU
TV3 eta Catalunya Radio, auzipetuen aulkian
  • Urriaren 1eko erreferendumarekin loturan, bi hedabideotako zuzendariak auzipetu dituzte. Orotara 32 dira auzipetuak.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 09a
(Argazkia: Màrius Montón)

Alejandra Gil Bartzelonako epaitegiko 13. salako epaileak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren antolakuntzaren inguruko ikerketa itxi du, eta 32 norbanako auzipetu. Tartean dira Saul Gordillo eta Vicent Sanchis, Catalunya Radioko zuzendaria lehena, eta TV3koa bigarrena.

Sekretuak zabaltzea, prebarikazioa, desobedientzia, dokumentuak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu die epaileak. Azken puntuari loturan, auzipetuetatik hamazazpiri sei milioi euroko bermea ere ezarri die Gil-ek, berme horrekin ustez erreferenduma egiteko erabilitako diru kopurua berdintzen delakoan.

Auzipetuen artean aurkitzen dira, besteak beste: Rosa Vidal Generalitateko kontu-hartzailea, Amadeu Altafaj Generalitateko ordezkaria Europan, Natalia Garriga Generalitateko zerbitzu arduraduna, Frederic Udina Kataluniako Estatistika Institutuko zuzendaria edo Josep Masolive Puig Fundacio.cat-eko kidea. Epaileak auzitik kanpo utzi ditu, aldiz, Santiago Vidal epaile ohia eta Carles Puigdemonten aholkulari Carles Viver Pi-Sunyer.