Tuteran aurkeztuko du Topatuk "Zizelkariak" dokumentala. Letras a la Taza liburudendako sotoan egingo dute lehen proiekzioa. Egileekin dokumentalaren nondik norakoen inguruan solasteko aukera izango dute bertaratutakoek. Ondoren, Beterri elkartean afaldu eta Ibil Bedi taldearen kontzertua eskainiko dute.
Ertzak zizelkatzen Zizelkariak dokumentalak Euskal Herriko periferietan gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri emango die ahotsa: Arkaitz, Martta, Edurne, Maika, Jon eta Ibai dira protagonistak.
- Maika Alfaro, Alduden bizi eta lan egiten duen gaztea. Aldudeko ibarra bizi eta gazte ikusi nahi luke. Despoblazioaz, etxe hutsen auziaz eta herri txikietan saretzen diren harremanez hitz egingo du.
- Edurne Sanchez Leon, Tuterako mugimendu feministako kidea. Feminismoaren beharra euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntzatik sentitu zuen. Erribera Intsumisa taldeaz eta feminismotik Euskal Herria eraikitzeaz arituko da.
- Ibai Osinaga Gogorcena, Irunberriko musikari gaztea. Gitarra eskutan duela begiratzen dio bere inguruari. Gubia eta mingaina zorroztuta mintzatuko da; musikan gazte hasteaz, Euskal Herriko eszenaz eta Irunberritik euskaraz kantatzeaz.
- Arkaitz López Sanchez, Mamariagako gazte langilea. Ezkerraldetik begiratzen dio Euskal Herriari. Desindustralizazioaren ondorioz, gazteon lan prekarietateaz eta antolatu eta saretzeko beharraz arituko da solasean.
- Jon Marauri Aranburu, Moretako gaztea. Jai herrikoiak antolatzen hasita Arabar Errioxako gazte asanblada sortu zuten, ingurua eraldatu eta euskaldundu nahian. Turismoaz, ardoaren ekoizpenak sortzen duen prekarietateaz eta etorkizuneko ametsez mintzatuko da.
- Martta Irigoien Arrabit, Arberatzeko gaztea. Diglosiaren ondorioak bizi ditu. Libertimenduan parte hartuz, kolektiboan euskara Amikuzeko paisaian gorpuztu nahi izan du. Aldaka gaztetxean ere euskararen eta kulturaren aldeko borrokan dihardu.
Crowdfunding kanpainia martxan
Dokumentalaren ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko crowdfunding finantziazio kanpainia jarri da martxan itsulapikoa.eus plataforman. Norbanakoek zein kolektiboek egin dezakete ekarpena. Bildutakoa dokumentala jasoko duen USB-liburuxka eta aurkezpen bira finantzatzeko erabiliko da, eta bueltan, hainbat opari jasotzeko aukera izango dute norbanako eta kolektiboek: dokumentala bera, oroigarriak, kamisetak, laminak, aurkezpenak egiteko aukera… Durangoko Azokarako egongo da prest dokumentala.