argia.eus
INPRIMATU
Tuterako Udalaren traben gainetik, zonifikazioaren aurkako eguna egingo dute larunbatean
  • Urriaren 22an egun osoko egitaraua antolatu dute Errigora, Agerraldia eta Hordago herri ekimenek, euskara ardatz hartuta, baina ostegunean jakinarazi dute udalaren traben erruz ezingo dutela aurreikusitako Deskontrolen kontzertua egin. Halere, 17:30ean Tuterako kaleak hartuko dituzte manifestazioan, Zonifikazioari hordago. ¡Que viva el euskera de Cortes a Bera! lelopean.

Leire Artola Arin 2022ko urriaren 21
Tuterako kaleetan egingo dute manifestazioa, Hordagok deituta. / Argazkia: Hordago.

Larunbata izango da Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskaltzaleak batzeko eguna, eta denen artean zonifikazioari aurre egiteko hainbat ekintza antolatu dituzte. Errigorak goizean auzolana prestatu du Ablitasen, urtero bezala, nafar ekoizleen uztarekin betetako saskiak osatzeko. Arratsaldean, berriz, Tuteran izango dute hitzordua, Hordago herri ekimenak manifestazioa antolatu baitu zonifikazioa ezabatzea eta nafarren eskubideak exijitzea xede. Norbanakoez gain, manifestazioarekin bat egin dute hainbat eragile, talde politiko eta sindikatuk.

Jarraian elektrotxaranga eta Deskontrolen kontzertua iragarri zituen Agerraldiak, baina ostegunean jakinarazi dute Tuterako Udalaren oztopoekin ez dagoela baldintzarik “kontzertu jendetsu, alai eta partehartzailea egiteko”. Hiru ekimenek Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera eman dute prentsaurrekoa, eta salatu dute ez direla bakarrak udalaren trabak jasan dituztenak kultur ekitaldiak antolatzeko. Zehaztu dute maiatzetik daramatela baimenak eskuratzeko prozesu luzean, baina udalak oztopoak besterik ez dituela ipini.

“Minduta bai baina ez diogu hau penatuta. Izan ere, udaberrian, baldintza egokiak ziurtatuta, egin egingo dugu kontzertua. Tutera eta Erriberako euskaltzaleok nahi dugulako eta beharrezko jotzen dugulako. Jendetsua, alaia eta partehartzailea izango da; euskaltzaleon ekimenez plazaratua eta euskararekiko fobiarik ez duten guztiei irekia”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Eragileek azpimarratu dute "bat egiteko garaia" dela: "Bada garaia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzat aldekotasun berriak biltzeko". Zonifikazioari hordagoa botako diote, euskaldunek ez ezik euskararen aldeko jarrera duen herritar orok; Hordagok ekimen zabala izatea du helburu, herritarren eskubideak defendatzeko asmoz. Horregatik, leloa ere nafar hegoaldeko eta erdialdeko pertsona guztiei zuzenduta dago: ¡Que viva el euskera de Cortes a Bera! ozen aldarrikatuko dute Tuteran.