argia.eus
INPRIMATU
Tuterako Udalak azkenean euskara ez du baloratu baina ingelesa bai
  • Tuterako Udalak udaltzaingoaren lanpostu baterako oposizio-lehiaketa argitaratu zuen maiatzaren 25ean. Alemana, frantsesa eta ingelesa jakiteak bost puntuko balioa izan zuen, euskararen ezagutza ordea, ez zen baloratu. Euskara kontuan ez hartzeko udalaren erabakiak, Nafarroako Arartekoaren aurrean erreklamazioa aurkeztea eragin zuen.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 07a
Tuterako udaletxearen aurrekaldea.

Irailaren 5ean, Tuterako Udalak bere jarrera egokia izan zela erabaki zuen, "Ez da derrigorrezkoa euskararen balorazioa Tutera bezalako eremu ez-euskalduneko toki-erakundeetako lanpostuetarako sarbidean".

Herriko Defendatzailearen bulegotik erantzun zuten, Euskararen Legeak Nafarroan euskarari ematen dion babesa, eremu ez-euskaldunetako tokiko erakundeetako lanpostuetan ere aplikagarria dela. Horregatik, oposizio-lehiaketa horietan gutxienez euskarak atzerriko hizkuntzen balio berbera izan behar duela adierazi zuen.

Eneko Larrarte Tuterako alkateak Arartekoaren gomendioa ez du aintzat hartu, “euskara beste hizkuntza batzuk baino gutxiago baloratu izana ez da gaiaren oinarria. Soilik, inolako betebeharrik ez dagoenez, ez da baloratu”.

Tuterako CUP taldearen iritziz alkatearen adierazpen hauek “ez sinistekoak” izan dira. Lingua Navarrorum bezalako “altxorra” kontserbatzea, zaintzea eta babestearen gainetik norbere interes politikoak jartzea “tristea” dela ere adierazi du.